Itxi

Zinema

Gasteiz

'Negociador'ek abiatuko du Euskal Zinemaren 32. Astea

Agentziak | Erredakzioa

Gasteizko zinemaldian, zazpi film luze eta sei film labur ikusi ahalko dira otsailaren 22tik 27ra, Dendaraban, 20:00etatik aurrera.

  • Negociador, Cobeaga

    Negociador, Cobeaga

Euskal Zinemaren 32. Astea astelehenean, otsailak 22, hasiko da, Gasteizen, Negociador filmaren proiekzioarekin. Hain zuzen ere, Cobeagarena izango da otsailaren 22tik 27ra Arabako hiriburuan ikusi ahalko diren lanetako bat, lehenengoa, baina haren atzetik beste euskal pelikula batzuk helduko dira, hala nola Amama, Un otoño sin Berlín eta Rey gitano.

Jose Luis Ramos topagunearen koordinatzaileak azaldu duenez, aurtengo ediziorako makina bat pelikula izan dituzte aukeran, eta “etxekoengan pentsatuz” hautatu dituela adierazi du: “Puri-purian ez egonagatik, nahiz eta ezezagunagoak izan, kategoriako filmak dira”.

Halaber, pelikulak aukeratzeko orduan “kasu nork egiten digun” ere kontuan hartu behar dela aitortu du; izan ere, zuzendari batzuek Gasteizi “alergia” diotela dirudiela esan du Ramosek: “32 Aste daramatzagu dagoeneko, eta oraindik ez dut lortu Alex de la Iglesia etortzea, adibidez”.

Astelehenetik, hilak 22, larunbatera, film luze eta film labur bana proiektatuko dute iluntzero, Vital Kutxa Fundazioaren aretoan, Dendaraban. Gainera, larunbatean, Olentzero eta Amilaren sekretua umeentzako filma ere emango dute, eta emanaldi horretan bildutako diru guztia Minbizia duten Umeen Gurasoen Arabako Elkartearentzat izango da.

Aste osoan zehar, film luze hauek ikusi ahalko dira: Negociador (Borja Cobeaga), Felices 140 (Gracia Querejeta), Amama (Asier Altuna), Un otoño sin Berlín (Lara Izagirre), Rey Gitano (Juanma Bajo Ulloa) eta Berserker (Pablo Hernando).

Aurten, lehenengoz, jaialdiko jardunaldi guztietarako bonua erosi ahalko da, Ramosek azaldu duenez, eta, aurrekoetan bezala, proiekzioen amaieran solasaldia egongo da eta bertaratutakoek film luze eta labur onenaren aldeko botoa emango dute. Larunbatean iragarriko dituzte film saridunak, eta antolatzaileek 'Gutako bat' saria emango diote zinema munduko Arabako profesional bati.