Itxi

Zinema

Sari polemikoak

Dena prest 2016ko Oscar sarietarako

Agentziak | Erredakzioa

Hautagaien iragarpenak polemika asko piztu zuen, interpretazioko kategorietan hautagaiak diren 20 aktoreetatik guztiak baitira jatorri europarra duten pertsona zuriak.

1:40

Igande honetan ospatuko da Oscar sarien 88. ekitaldia, eta guztia dago prest. Ordu aldaketa dela eta, sari-banaketa gure astelehen goizaldean izango da, 2:30ean, hain zuzen ere, eta hiru ordu luze baino gehiago iraungo du.

Chris Rock komedianteak zuzenduko du gala, eta, ohi denez, 3.300 gonbidatu hartuko dituen Hollywoodeko Dolby antzokian egingo da (lehen Kodak antzokia zena). 225 herrialde baino gehiagotan ikusi ahal izango dute telebistaz, eta Internet bidez ere jarraitu ahal izango da. Halaber, hedabideetako 1.400 pertsona baino gehiago kreditatu dira.

Oscar sariak jasotzeko hautagaiak diren pelikulen artean Alejandro González Iñárritu zuzendari mexikarraren "The Revenant" da faboritoa, 12 izendapen jaso baititu; horien artean, pelikulari onena, zuzendari onena eta gizonezko aktore onena (azken hori Leonardo DiCapriok).

Haren atzetik daude "Mad Max: Fury Road" hamar izendapenekin eta "The Martian", zazpirekin.

Film onenaren Oscarra lortu dezaketen beste pelikulak honako hauek dira: "The Big Short", "Bridge of Spies", "Brooklyn", "Room" eta "Spotlight".

Aldi berean, Leonardo DiCapriok Eddie Redmayne ("The Danish Girl"), Bryan Cranston ("Trumbo"), Matt Damon ("The Martian") eta Michael Fassbender ("Steve Jobs") izango ditu aurkari bere lehen estatuatxoa eskuratzeko lehian.

Emakumezko aktore onenaren kategoriako saria bereganatzeko aukera dutenak Cate Blanchett ("Carol"), Brie Larson ("Room"), Jennifer Lawrence ("Joy"), Saoirse Ronan ("Brooklyn") eta Charlotte Rampling ("45 Years") dira.

Polemika

Hautagaien iragarpenak hauts asko harrotu zituen, interpretazioko kategorietan hautagaiak diren 20 aktoreetatik guztiak baitira jatorri europarra duten pertsona zuriak.

Adibidez, interpretazio, zuzendari eta gidoi kategorietan bi pertsona besterik ez dira arraza zurikoak ez direnak (latindar bat eta asiar bat). Egoera hori jasanezina da aktore eta zinemagile askorentzat, eta horietako zenbaitek publikoki salatu dute.

Izendapenen zerrendan aktore beltzik ez egoteak Akademiaren aurka zenbait iritzi azaltzea eragin zuen; hala egin zuen, besteak beste, Jada Pinkett Smithek. Gainera, berak zein bere bikotekide Will Smithek baieztatu egin dute ez direla sari-banaketara joango protesta gisa.

Polemikak Twitterren ere izan zuen isla #OscarsSoWhite hashtagarekin. Horren aurrean, Akademiak premiazko neurriak hartu ditu, hemendik eta 2020. urtera bitartean bikoiztu egingo du akademiako kideen artean emakumeek eta hainbat arrazatako ordezkariek duten parte-hartzea.

parte-hartzea.