Itxi

Zinema

Asteko estreinaldiak

Zinema aretoetan ditugu 'Nagore', 'Bon Appétit' eta 'Aita' filmak

Erredakzioa

Nagore Laffageren hilketaren inguruko dokumentala Iruñean aurkeztu dute ostegun honetan. 'Imparable', 'Los otros dos' eta 'En el camino' pelikulak ere ikusgai izango dira asteburu honetan.

Helena Taberna zinemagilearen Nagore dokumentala aurkeztu dute ostegun honetan Iruñean. 2008ko sanferminetan hil zuten Nagore Laffage gaztearen istorioa du hizpide Tabernaren lan berri honek. Valladolideko Seminici zinemaldian estreinatu zen lana joan zen urriaren 28an, eta ostiral honetan iritsiko da gure zinema aretoetara.

Aste honetako beste estreinaldi nagusienetako bat gertu-gertutik ezagutzen dugun pelikula bat da: Bon appétit.&' || 'nbsp;&' || 'nbsp;EITBren partaidetza du, eta joan den larunbatean egin zuten aurrestreinaldia Bilbon. Malagako zinemaldian hainbat sari eskuratu zituen, tartean aktore onenaren saria Unax Ugalderentzat.

Saria irabazita datorren asteko beste pelikuletako bat Jose Maria de Orbe zuzendari euskaldunaren Aita dugu. 2010eko Zinemaldian aurkeztu zen lana, eta argazkigintza onenaren saria eskuratu zuen bertan. Scott Pilgrim contra el mundo, Los otros dos, Imparable eta En el camino dira asteko beste estreinaldiak.

David Pinillos Segoviako zuzendariaren lehen lan luzea dugu Bon Appétit. Bilbon filmatu zuten amodio istorio hau, eta bertan Unax Ugalde eta Nora Tschimer ditugu protagonistak. Malagako arrakastaren ondoren, berriki Valladolideko Zinemaldian ere aurkeztu dute, Spanish Cinema atalean.

2008an hasi zuen Jose Maria de Orbe zuzendariak Aita lanaren grabaketa. Aktore ez profesionalekin eta aurretiazko gidoirik gabe egin zuten lana. Mark Rothko margolaria eta Jorge Oteiza eskultorea oso gustuko ditu Orbek, eta lan honetan mirespen horren aztarnak ageri omen dira. Bere familiaren etxean bertan grabatu zuen filma, Astigarragan.

Bryan Lee O''Malley egilearen eleberri grafiko bilduma da Scott Pilgrim, eta Edgar Wright zinemagilaren eskutik iritsi dira pantaila handira. Oraingoan, Scott Pilgrim contra el mundo lana proposatzen digu. Michael Cera (Supersalidos, Juno) aktorea da bertan protagonista, efektu bereziz betetako istorio batean.

Will Ferrell, Mark Wahlberg, Eva Mendes, Michael Keaton eta Samuel L. Jackson dira Los otros dos lanaren protagonistetako batzuk. Adam Mckayk zuzendu du lana, eta gidoia ere berea dugu, New Yorken girotutako istorio honetan.

Tony Scott zuzendariaren azken lana da Imparable. Oraingoan Chris Pine eta Denzel Washington deitu ditu Ridley Scott ezagunaren anaiak. Benetako gertakarietan oinarritutako akzio pelikula da hau, El fuego de la venganza, Domino eta Asalto al tren Pelham 1 2 3 arrakastatsuen ildoari jarraituz.

Jasmila Zbanic Bosniako zuzendariak egin du En el camino. Europako zinemagileen artean izen handia dugu gaur egun Zbanic. 2005ean Urrezko Hartza irabazi zuen Berlinen Grbavica lanarekin, eta aurten ere Alemaniako zinemaldi ezaguneko Sail Ofizialean ibili da lehian bere azken ekoizpenarekin.