Zinema
Film laburrak
Korterraza jaialdiak 42 film labur eskainiko ditu Gasteizen, ostegunetik aurrera
Agentziak | Erredakzioa
Jaialdiak larunbatera arte proiektatuko ditu film laburrak, 22:00etan hasita, Artiumeko barne plazan. Gainera, kontzertuak ere prestatu dituzte.
-
Korterraza Artiumen
Korterraza film laburren jaialdiak 42 film labur eskainiko ditu ostegunetik, uztailak 26, larunbatera Artium Gasteizko museoaren barruko plazan, bederatzigarren edizio honetan jasotako 800 proiektuetatik lan onenak aukeratu eta gero.
“42 film labur emango ditugu hiru egunean; komedia asko egongo da, baina gizartearentzat garrantzitsuak diren kontuak ere plazaratuko ditugu, kontatu nahi ditugun gauzak”, azaldu du Xabi Vitoria jaialdiaren antolatzaileak hautatutako lanen kalitatea goraipatu eta gero.
42 lanotatik 20 sail ofizialean lehiatuko dira, Alex Angulo eta Korterraza epaimahai batek ebazten dituen sariak jasotzeko bidean, eta Korterraza Txiki umeentzako sailean beste sari bat emango dute.
Palmaresa publikoaren sariak osatuko du, eta film labur bakoitzak diru laguntza bat jasoko du, ikusle kopuruaren araberakoa.
Kontzertuak
Kontzertuei dagokienez, ostegunean A Contra Blues taldeak joko du, proiekzioen aurretik; ostiralean proposamen bikoitza egongo da: Nublia eta The Soulbreaker Company; eta larunbatean, Moni Garagek eta The Limboosek itxiko dute jaialdia.