Zinema
Ikerketa
Zinema-aretoen heren batek soilik murriztu du sarreren prezioa, BEZa jaitsita
Agentziak | Erredakzioa
Facua kontsumitzaileen elkartearen datuak dira. Asteburuetan, txartelen batez besteko salneurria 7,12 eurokoa da; BEZaren jaitsierak erabateko eragina izan balu, 6,86 eurokoa izango litzateke prezioa.
-
Zinema-areto bat, EiTBren artxiboko irudian.
Facua kontsumitzaileen elkarteak aztertutako zinema-aretoen hirutik batek soilik murriztu du sarreren prezioa, BEZa jaitsita; aipatutako erakundeak inkesta egin du Estatuko 45 hiritan, eta datu horiek ondorioztatu ditu. Hortaz, "ezkutuko igoeren" gaineko ikerketa eskatu dio Facuak Konpetentzia eta Merkatuen Batzorde Nazionalari.
Facuak egin du, abuztuko bigarren asteburuan, inkesta bat, 45 hiritako 102 zinema-aretotan; horietako 33tan bakarrik izan du erabateko eragina BEZaren jaitsiera sarreren prezioan (goranzko edo beheranzko biribiltze batekin, hurbilen dagoen 5 zentimotako zatikia kontuan izanik; beherakada handiagoak ere izan dira).
Gainerakoetan, 36k ez dute murriztu urte hasieran zuten salneurria (lauk, berez, igo dute), eta beste 33tan jaitsiera izan da, baina BEZarena baino txikiagoa izan da hori. Hala azaldu du, prentsaurrekoan, Ruben Sanchez Facuako presidenteak.
Asteburuetan edo jaiegunetan, Estatuan, txartelen batezbesteko prezioa 7,55 eurokoa zen 2018ko hasieran, eta, egun, aldiz, 7,12koa da; BEZaren jaitsierak erabateko eragina izan balu, salneurri hori 6,86 eurokoa izan beharko luke.
"Adar jotzea"
Elkarteak gaitzetsi du Gobernuarentzako eta erabiltzaileentzako "adarjotzea" dela, emanaldi-enpresen aldetik; izan ere, "2012tik eskatu izan dute zerga hori jaistea, eta, jaitsiera hori gauzatu denean, euren mozkin-marjina handitzeko aprobetxatu dute; ez diete guztiz eman jaitsiera hori ikusleei", esan du agiri batean.
Facuak Konpetentzia eta Merkatuen Batzorde Nazionalari eskatu dio ikerketa bat, xede izanik zehaztea zinema-aretoen ezkutuko igoera horiek "Konpetentziaren Defentsaren Legea" urratzen duten ala ez; halaber, zehaztu beharko lukete ea izan akordiorik, Estatu mailan edo probintzia jakin batzuetan, hainbat enpresaren artean.
% 21era ez bueltatzea espero dute
Jose Guirao Kultura ministroak BEZa % 21era igotzeko aukera airean dagoela esan ostean, erakunde horretako presidenteak esan du neurri hori hartu behar ez izatea espero duela, eta zinema aretoetako sarreren prezioa jaistea eskatu dio sektoreari, zinemara doazen ikusleek ere murrizketa hori haien poltsikoetan nabari dezaten.
Kultur jardueren gaineko BEZa % 8tik % 21era igo zuen 2012an Espainiako Gobernuak, eta Facuak nabarmendu duenez zinemarako sarreretan ere nabarmen izan zen igoera hori. Hala, batez beste prezioak % 9 igo zituztela esan du erakunde horretako presidenteak, eta 2004tik igoera % 48koa izan dela nabarmendu du.
Guiraok koherentzia eskatu du
Guirao ministroak, aldiz, ukatu du zinema-aretoetako sarreren BEZa berriro igotzeko aukera zabaldu izana; eskatu ere eskatu die enpresei "koherentzia", zerga % 21etik % 10era jaitsita.
Guiraok deitoratu du hainbat zinema-aretok ez dutela BEZaren murrizketa aplikatu; galdegin die "azkar" egitea, "ahalik eta lasterren, eta modu garden batean".
"Agian, atzo ez nuen ondo azaldu, esan nahi nuen hori, eta baliteke batzuek interpretazio pixkat txarra egin izatea, nire hitzei dagokienez", esan du ministroak, kazetariek galdetu diotenean.
Eta erantsi du: "Nik diot, eta berresten dut, zinema-sektoreak eta enpresak sinesgarritasuna dutela jokoan, herritarrei ez badute nabaritzen zerga-murrizketa hau".