Zinema
64. edizioa
Cannes 2011: Almodovar, Malick edo Kaurismäkiren artean dago irabazlea
Erredakzioa
Amaiera eman diote Frantziako zinemaldiaren lehiaketari eta ordu gutxi falta dira irabazleen izenak ezagutzeko. Almodovar faboritoen artean dago, Gazteriaren Saria eskuratu ostean.
Hemendik ordu gutxitara emango da jakitera Canneseko Zinemaldiaren 64. edizioaren irabazleen zerrenda. Sail ofizialean lehiatu diren filmeak proiektatu ostean, kinielak botatzeko unea heldu da. Horrela, Malick, Kaurismäki eta Almodovar maisu handiak Urrezko Palma irabazteko faboritoen artean daude.
Pedro Almodovarren La piel que habito filmeak zinemaldiaren golardo handiena lortzeko aukera asko ditu. Izan ere, larunbat gauean jaialdiaren Gazteriaren Saria eskuratu zuen. Agustin Almodovar Pedroren anaiak jaso zuen saria eta "gazteriari" eskaini zion aipamena, "zinemaren eta gizartearen etorkizuna direlako".
La piel que habito Gaztela-Mantxako zuzendariaren zinemaren adierazgarririk onena da, hizkuntzaren hesiak berriro ere apurtu dituelako. Hala ere, bere erradikaltasuna dela eta, film honek epaimahaia zatitu dezake.
Hori dela eta, baliteke Finlandiako Aki Kaurismäkiren Le Havre filmea gaueko irabazlea izatea. Canneseko Zinemaldian parte hartu duen laugarren aldia da. Adituek diotenez, zuzendariak sortutako filme hura "atsegina eta akatsik gabekoa da, munduko zinemaldirik onenaren sariaren irabazlea izan beharko zitekeena". Nazioarteko kritika, behintzat, iritzi berdinekoa da, FIPRESCIk saria eman diolako.
Ezustekoa eman dezakeen beste bat Terrece Malick da, 50 urteetan 5 filme egin dituena. Akatsak akats, erakutsitako sentsibilitateak eta begi-indarrak aurtengo edizioaren proposamen interesgarriena bihurtu dute The Tree of Life filmea. Hala ere, egozentrikoa dela ere leporatu diote.
Aktore onenaren sariari dagokionez, askoren iritziz, La piel que habito pelikulan bere paperik onena egin du Antonio Banderasek. Kinielek, ostera, Michel Piccoli (Habemus Papam), Jean Dujardin (The Artist) nahiz Sean Penn (This Must Be the Place) aipatu dituzte.
Robert de Niro epaimahaiaren presidentearen eskutik ezagutuko ditugu Cannes Zinemaldiko 64. edizioaren irabazleen izenak.