Itxi

Zinema

Azaroak 8-15

Ohorezko Mikeldiak eta euskal film laburrak, Zinebi abiatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Bilboko Jaialdiak 61. edizioari ekingo dio ostiralarekin.

  • 'Artiko'

    'Artiko' film laburra eskainiko dute hasiera galan, besteak beste

Zinebi Bilboko Udalak antolatzen duen Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 61. edizioa inauguratuko du ostiral honetan, azaroaren 8an, Sail Ofizialean lehiatuko diren zazpi euskal film laburren emanaldiarekin eta Claire Simon zinemagile frantsesari eta Wang Bing zuzendari txinatarrari Ohorezko Mikeldi emanez. Ekitaldia 20:00etan hasiko da, Arriaga antzokian.

Horrela, Sra. Polaroiska kolektibo artistikoak zuzenduriko ekitaldian, Claire Simonek "Europako zine garaikidearen forma narratiboen eta estetikoen eta lengoaiaren berrikuntza erradikalaren alde egin duen apustua" aintzatetsiko du jaialdiak.

Gainera, Wang Bingek ere jasoko du saria, "zine garaikideko zinemagile berritzaileenetako gisa". "Bere begirada guztiz originala da, eta, horren bidez, aldi berean hunkigarria eta erabat objektiboa den eran, ahotsik gabeko jendea eta ahaztuta dagoen Txina hartan jende horrek bizirik irauteko aurrera daraman borroka erakusten jakin du", adierazi dute jaialditik.

Halaber, ohikoa denez, ekitaldiaren amaieran, lehiaketan parte hartuko duten zazpi euskal film laburrak proiektatuko dira: Lur Olaizolaren 'Xulia' (dokumentala), Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren 'Mateoren ama' (fikzioa), Jesus Mari Lazkano eta Josu Veneroren 'Ártico' (dokumentala), Josu Martínezen 'Anti' (fikzioa), Ainhoa Gutiérrezen 'Medvedek' (dokumentala), Lander Ibarretxerten 'Regina' eta Paula Iglesias eta Ana Sernaren 'Solo son peces' (dokumentala).

Guztira, 57 film laburrek hartuko dute parte Zinebi 61eko Sail Ofizialean, 18 fikziok, 22 dokumentalek eta 17 animaziok.