Zinema
Heriotza
Bertrand Tavernier zinemagilea hil da, 79 urte zituela
eitb media
Zuzendari ezagunak Urrezko Kontxa jaso zuen "Ça commence aujourd'hui" filmagatik, beste sari askoren artean.
-
Bernard Tavernier, 2016ko Canneseko jaialdian. Artxiboko irudia: EFE
Bertrand Tavernier zinemagilea zendu da, 79 urte zituela, Saint-Maximen, Proventzan. "La vie et rien d'autre" eta "Ça commence aujourd'hui" filmengatik zen ezaguna.
Nazioartean ospea lortu duten 31 pelikula utzi ditu Tavernierrek. Besteak beste, lau Zesar sari irabazi zituen, 1990eko BAFTA saria "La vie et rien d'autre" filmagatik, eta baita Veneziako, Berlingo eta Donostiako jaialdietako zenbait golardo ere. Gainera, Cannesko Jaialdian zuzendari onenaren kategorian saritu zuten 1984ean, "Un dimanche a la campagne" filmagatik.
Eric Tavernier idazlearen semea zena "Confluences" aldizkari literarioan editore ere izan zen, baina, hainbatetan aitortu zuenez, zinemaren bidea aukeratu zuen aitarena ez bezalako jarduera artistiko batean aritzeko eta espazio propio bat bilatzeko.
Tavernier txikitan maitemindu zen zazpigarren artearekin, tuberkulosiak jota ospitaleratu zutenean. Ordutik, ez zen haurtzaroko amodio horretatik aldendu: errealizadore jarduteaz gain, gidoilari eta ekoizle ere aritu zen. Gainera, dokumentalak ere egin zituen eta, filmatzen hasi aurretik, zineklub batean zuzendari eta hainbat zinema-aldizkaritan kritiko gisa ere ibili zen.
LaCroix egunkariak eman du bere heriotzaren berri, kausak zehaztu gabe. 2000. urtetik hedabidearekin elkarlanean aritutakoa zen Tavernier, eta bertatik bere karrera, eskuzabaltasuna eta sukalde zein literaturarekiko gustua laudatu dituzte.