Itxi

Zinema

Jaialdiak

"Heltzear" Mikel Gurrearen film laburra Veneziako zinema jaialdian lehiatuko da

N. V. | EITB Media

Italiako jaialdiko Orizzonti atalean erakutsiko dute donostiar zinemagilearen lana. Inoiz jaialdian proiektatuko dute euskarazko lehen film laburra da.

  • Mikel Gurrea donostiar zinemagilea. Argazkia: Euskadiko Filmategia

    Mikel Gurrea donostiar zinemagilea. Argazkia: Euskadiko Filmategia

Heltzear Mikel Gurrearen fim laburra Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdian lehiatuko da, Orizzonti atalean. Irailaren 1etik 11ra egingo dute Italiako zinema jaialdia.

Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago dira Heltzear filmeko protagonistak, eta hau du kontagai lanak: Donostian gaude, 2000. urtean. Sara, 15 urteko eskalatzailea, alboan ez duen nebari eskutitza idazten ari zaiola, bere bizitzako igoerarik zailenerako entrenatzen ari da.

Mikel Gurrea (Donostia, 1985) Bartzelonako UPFn lizentziatu zen eta London Film Schoolen master bat egin zuen. Bere film laburrak Montreal World Film Festival jaialdian saritu dituzte esaterako, eta bere antzerkigintza Londresko Queen Elizabeth Hall eta Madrilgo Fernando Fernán-Gómez antzokietan estreinatu da. 2021eko udan bere lehen film luzea filmatzen ari da, Suro, eta lehengo lanen artean daude Txoria (2013), Rojo en el agua (2010), Los gatos del tejado (2009) eta Primo (2008).

Kimuak 2021 katalogoan aukeratu zuten "Heltzear" filma, beste zazpi pelikularekin batera.

Italiar jaialdi ospetsuan, besteak beste, Pedro Almodovarrek, Ridley Scottek, Paolo Sorrentinok eta Denis Villeneuvek aurkeztuko dituzte beren film berriak, Madres paralelas, The last duel westerna, È stata la mano di Dio eta Dune filmaren bertsio berria hurrenez hurren. Bong Joon-ho (Parasite) izango da epaimahaiko burua, eta Roberto Benignik eta Jamie Lee Curtisek jasoko dituzte ohorezko sariak.