Zinemaldia
61. ZINEMALDIA
Nork eskuratuko du Zinemaldiko Urrezko Maskorra?
Erredakzioa
13 film arituko dira sari nagusia eskuratzeko lehian. Hainbat zuzendarik lan berriak aurkeztuko dituzte: Atom Egoyan, David Trueba, Roger Michell eta Denis Villeneuve zuzendariek, besteak beste.
-
Donostiako Zinemaldiko kartela
13 lan arituko dira lehian Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioaren Sail Ofizialean. Gainera, hiru pelikula lehiaketatik kanpo izango dira: "Zugarramurdiko sorginak", Alex de la Iglesiarena, "Futbolina", Juan José Campanellarena (jaialdiaren irekiera ekitaldian proiektatuko dute) eta "The Young and Prodigious T.S. Spivet ", Jean-Pierre Jeunetena (itxiera ekitaldian izango da ikusgai).
Horrela, hauek dira Donostiako Zinemaldiaren sari gorena, Urrezko Maskorra, eskuratzeko lehian izango diren pelikulak: "Kanibala", "Sandwich kluba", "Deabruaren korapiloa", "Etsaia", "Hitz egin ezin duten horientzat", "Zauria", "Arima sendatzen didazu", "Urri-azaroak", "Ile txarra", "Quai d'Orsay", "Burdinbideko gizona", "Bizitzea erraza da, begiak itxiz gero" eta "Le Week-end".
Pelikula aipagarrienak hauek dira: "Kanibala", Antonio de la Torre protagonista duelarik, "Debruaren korapiloa", Atom Egoyanen zuzendaritzapean eta Reese Whiterspoon eta Colin Firth protagonista dituelarik, "Quai d'Orsay", Frantziako Atzerri ministroari buruzko satira politikoa eta "Burdinbideko gizona", Colin Firthekin eta Nicole Kidmanekin, besteak beste.
2013ko Zinemaldiko Sail Ofizialean ikusgai izango diren pelikulak:
Kanibala
Espainia-Errumania-Errusia-Frantzia
Zuzendaria: Manuel Martín Cuenca
Gidoia: Alejandro Hernández, Manuel Martín Cuenca
Argazkia: Pau Esteve Birba
Antzezleak: Antonio de la Torre, Olimpia Melinte
Carlos Granadako jostun prestigiotsuena da, baina baita itzalpeko hiltzailea ere. Ez du ez kontzientziako harrik ez kulparik... Nina ezagutzen duen arte. Ninari esker, bere egintzak benetan nolakoak diren ezagutuko du, eta lehenengo aldiz maiteminduko da.
Sandwich kluba
Mexiko
Zuzendaria: Fernando Eimbcke
Gidoia: Fernando Eimbcke
Argazkia: María Secco
Antzezleak: María Renée Prudencio, Lucio Giménez Cacho, Danae Reynaud
Fernando Eimbcke mexikarrak hirugarren filma estreinatuko du Donostian. Palomak eta bere hamabost urteko seme Héctorrek oso harreman handia eta berezia dute. Kostaldean oporretan daudela, Hectorrek Jazmín nerabea ezagutuko du, eta maitasunaren eta sexuaren lehen izpiak biziko ditu.
Debruaren korapiloa
AEB
Zuzendaria: Atom Egoyan
Gidoia: Scott Derrickson, Paul Harris Boardman
Argazkia: Paul Sarossy
Antzezleak: Reese Whiterspoon, Colin Firth
Atom Egoyanek misterio-film artegagarri bat zuzendu du, herri txiki batean eraildako hiru haurri buruzko egiazko kasu batean oinarrituta.
Etsaia
Espainia-Kanada
Zuzendaria: Denis Villeneuve
Gidoia: Javier Gullón
Argazkia: Nicolas Bolduc
Antzezleak: Jake Gyllenhaal, Mélanie Laurent, Sarah Gadon, Isabella Rossellini
Krisian dagoen gizon baten psikea aztertzen duen thriller misteriotsua. Adam irakasleak bizitza monotonoa darama, baina, halako batean, Anthony ezagutuko du; hots, fisikoki bera bezalakoa den garrantzi eskaseko aktorea.
Hitz egin ezin duten horientzat
Bosnia-Herzegovina
Zuzendaria: Jasmila Žbanic
Gidoia: Kym Vercoe, Jasmila Žbanic, Zoran Solomun
Argazkia: Christine A. Maier
Antzezleak: Kym Vercoe, Boris Isakovic, Jasna Djuricic, Leon Lucev, Simon McBurney
Jasmila Zbanic (Grbavica) zinemagile bosniarra Balkanetako gerraren iragan traumatikora itzuliko da Kym protagonistaren bitartez. Kym turista australiarrak historiaz beteriko Visegrado Bosniako herrira bidaiatuko du, eta bazter guztietatik bertan gertatutako izugarrikerien arrastoak geratzen direla ikusiko du.
Zauria
Espainia
Zuzendaria: Fernando Franco
Gidoia: Fernando Franco, Enric Rufas
Argazkia: Santiago Racaj
Antzezleak: Marian Álvarez, Manolo Solo, Rosana Pastor, Andrés Gertrudix, Ramón Agirre
Anak 30 urte ditu eta anbulantzia-gidaria da. Mugako nortasun-nahasmendua du, baina berak ez daki. Hori dela-eta, bere kalterako gauzak egiten ditu, esaterako, alkohol gehiegi edan eta bere burua jo. Ez du bere irrikarik handiena lortzen: zoriontsu izatea.
Arima sendatzen didazu
Frantzia
Zuzendaria: François Dupeyron
Gidoia: François Dupeyron
Argazkia: Yves Angelo
Antzezleak: Grégory Gadebois, Céline Sallette, Jean-Pierre Darroussin, Marie Payen, Philippe Rebbot
Frédi ama zenak sendatzeko boterea transmititu diola ohartuko da. Hasieran, erabat errefusatuko du, zoritxarrekoa baita; baina, istripu batek dena aldatuko du. Ezinbestean onartu beharko du bere eskuek sendatzeko gaitasuna daukatela.
Urri-azaroak
Austria
Zuzendaria: Götz Spielmann
Gidoia: Götz Spielmann
Argazkia: Martin Gschlacht
Antzezleak: Nora von Waldstätten, Ursula Strauss, Peter Simonischek, Sebastian Koch, Johannes Zeiler
Austriako Alpeetako herri txiki batean itxitako hotel bat dago. Bi ahizpa hazi ziren bertan. Sonja Berlinen bizi da orain. Haren ahizpa, Verena, helduxeagoa bera, ez zen inoiz herritik joan. Sonjarentzat iritsi da familia eta haurtzaroko lekuak bisitatzeko garaia. Bilerak azalera aterako ditu pixkanaka, baina errukigabe, bi ahizpen arteko antzinako gatazkak.
Ile txarra
Venezuela-Peru-Alemania
Zuzendaria: Mariana Rondón
Gidoia: Mariana Rondón
Argazkia: Micaela Cajahuaringa
Antzezleak: Samuel Lange, Samantha Castillo
Mariana Rondón zinemagile eta artista plastikoaren hirugarren filmaren protagonista Junior da, «ile aldrebesa» duen 9 urteko mutikoa. Eskolako argazkia ateratzeko, ilea lisatu nahi du, eta modu honetan modan dagoen kantari baten itxura izan. Egoera honek, baina, amarekin liskarra sortuko dio. Bitartean Juniorrek bere burua eder ikusi nahi du amak maita dezan, amak geroago eta gehiago arbuiatuko du. Azkenean oso mingarria den erabakia hartzera behartua aurkituko da.
Quai d'Orsay
Frantzia
Zuzendaria: Bertrand Tavernier
Gidoia: Antonin Baudry, Christophe Blain, Bertrand Tavernier
Antzezleak: Thierry Lhermitte, Raphaël Personnaz, Niels Arestrup, Bruno Raffaelli
Bertrand Tavernierrek Lanzac & Blain komikigileen izen bereko obra egokitu du film berrian. Satira politikoa da, eta Alexandre Taillard de Vorms Frantziako Atzerri ministroa du protagonista.
Burdinbideko gizona
Erresuma Batua-Australia
Zuzendaria: Jonathan Teplitzky
Gidoia: Frank Cottrell Boyce, Andy Paterson, Eric Lomaxen memorietan oinarrituta.
Argazkia: Garry Phillips
Antzezleak: Colin Firth, Nicole Kidman, Stellan Skarsgard, Jeremy Irvine, Hiroyuki Sanada
Txikitatik trenekin liluratuta dagoen Eric Lomax ofizial britainiarraren egiazko historia da. Bigarren Mundu Gerran japoniarrek harrapatu zuten eta lan-esparru batera bidali zuten. Han, berak eta bere kideek baldintza oso gogorretan bizi behar izan zuten, eta beren atzemaileen torturak jasan.
Bizitzea erraza da, begiak itxiz gero
Espainia
Zuzendaria: David Trueba
Gidoia: David Trueba
Argazkia: Daniel Vilar
Antzezleak: Javier Cámara, Natalia de Molina, Francesc Colomer
1966an, Espainian, ingelesa irakasteko Beatlesen abestiak erabiltzen dituen irakasle bat John Lennon Almerian film bat grabatzen ari dela ohartuko da. John Lennon ezagutu nahian, Almeria aldera joango da, eta, bidean, etxetik ihes egin duen 16 urteko mutiko bat eta itxuraz zerbaitetatik ihesi dabilen 21 urteko neska gazte bat hartuko ditu. Adiskidetasun ahaztezina sortuko da hiruren artean.
Le Week-end
Erresuma Batua
Zuzendaria: Roger Michell
Gidoia: Hanif Kureishi
Argazkia: Nathalie Durand
Antzezleak: Jim Broadbent, Lindsay Duncan, Jeff Goldblum
Roger Michellen (Notting Hill, Eduring Love) film berriak Nick eta Meg ditu protagonista. Britainia Handiko bi irakasle Parisera bueltatuko dira, eztei-bidaia egin eta handik urte askora, beren arteko harremana biziberritzeko.