Itxi

Zinemaldia

Donostia Saria

Donostia Saria jasoko du gaur Hugh Jackman aktoreak

Amaia Akordagoitia | EITB.COM

Aktore australiarrak X-Men sagarekin lortu zuen nazioarteko ospea. Ostiral honetan, Donostia Saria jasoko du Jackmanek, eta, aurretik, 'Prisioners' filma aurkeztuko du.

3:51

Donostian, begirada guztiak Hugh Jackmanengan jarrita daude. Aktore australiarrak Zinemaldiak aurten eman duen bigarren Donostia Saria jasoko du, ostiral gauean, egindako ibilbide profesionalari esker. Horrez gain, Jackmanek Prisioners azken lana ere aurkeztuko du. eitb.com-ek zuzenean eskainiko du aktoreak golardoa jasoko duen gala, 18:30ean.

Gaur, beraz, Jackman izango da Donostiako izar distiratsuena. Gaueko 0:15etan iritsi zen Gipuzkoako hiriburura, alkandora urdin bat eta praka beltzak jantzita.

200 bat jarraitzailek harrera egin zioten Jackmani. Jarraitzaileak agurtzeaz gain, hedabideekin solasaldian aritu zen, nahiz eta Donostira berandu iritsi.

Hugh Jackmanek adin guztietako ikusleengana iristeko eta hain pertsonaia desberdinetara egokitzeko duen gaitasuna txalotu du Zinemaldiak. Gainera, "pantailan eta agertokietan lortu duen arrakasta" ere kontuan izan dute antolatzaileek.

Oscar sarietarako hautagai izan da eta Urrezko Globo bat eta Tony sari bat jaso ditu, baina lehen paper garrantzitsua X-Men pelikulan eman zioten, Wolverine gorpuzteko esan ziotenean. Ordutik, sagaren beste sei pelikula egin ditu.

Hala eta guztiz ere, Jackmanen ibilbidea saga hori baino askoz harago doa; izan ere, Les Miserables klasikoaren egokitzapenean parte hartu zuen iazko udazkenean, Tom Hooperren zuzendaritzapean eta Anne Hathaway eta Russell Crowe aktoreak lagun zituela.

Miserables eitbJean Valjean gorpuztuta egindako lanagatik Urrezko Globo bat lortu zuen eta Aktoreen Sindikatuko sarietarako bi hautagaitza jaso zituen. Gainera, aktore onenaren Oscar saria jasotzeko hautagai ere izan.

Hainbat zuzendarirekin egin du lan Hugh Jackmanek: Shawn Levy (Real Steel), Baz Luhrmann (Australia), Christopher Nolan (The Prestige), Darren Aronofsky (The fountain) eta Woody Allen (Scoop).

Antzokietan ere arrakasta handia eskuratu du aktoreak: 2011n Broadwayko publikoa harrituta utzi zuen Hugh Jackman-Back bakarkako ikuskizunarekin. 18 musikarirekin agertzen zen agertoki gainean.

Broadwayko agertokietan egindako lanari esker, 2012ko Tony Sarietan Administrazio-Batzordeak golardo berezia eman zion.

Aktore honen gaitasunak Happy Feet eta Flushed Away animaziozko filmetan ahotsa jartzeko ere balio izan dio. Gainera, 2009ko Oscar Sarietako aurkezlea izan zen.

Horrela, Zinemaldiak ibilbidea Australiako Paperback hero eta Erskineville Kings pelikula independeteekin hasi zuen gaitasun handiko aktorea saritu du aurten.

Hugh Jackman | La Noche de...

Hugh Jackmani Donostia Saria eman eta gero, Prisoners (horren azken filma) izango da ikusgai Kursaalen. Denis Villeneuvek zuzendu du, eta Jake Gyllenhaal (Brokeback Mountain), Viola Davis (The Help, Doubt), Maria Bello, Terrence Help (Hustle & Flow), Melissa Leo (The Fighter) eta Paul Dano izan ditu lagun protagonista lanetan.