Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Donostia Saria

Denzel Washington: 'Ezohiko lanbidea duen gizon arrunta naiz'

Erredakzioa

Zinemaldiko inaugurazio ekitaldian Donostia Saria jaso aurretxoan, Donostian egotea “ohorea” dela esan du newyorktar aktoreak.

Denzel Washingtonek esker onez hartu du Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldiaren arduradunek aurtengo bi Donostia Sarietako bat berari emateko erabakia hartu izana: “Norberak egindako lana aintzat hartzea ohorea da, eta lanean ni beti jarduten naiz gogo biziz, ahalik eta ondoen egiteko”, esan du kazetarien aurrean.

 

Arratsaldean eman duen prentsaurrekoan, Donostia Saria jaso baino ordu batzuk lehenago, Washingtonek “Mendekatzailea” Antoine Fuqua zuzendariaren filma aurkeztu du, Fuqua bera alboan zuela. Inaugurazio gala bukatutakoan proiektatuko dute filma Kursaalen.

 

“Tamalez” inoiz ez dela Sidney Poitier izango esan eta gero, Washingtonek Oscarra irabazi zuenetik zinemagintzan diharduen jendeak beraren gaineko ikuspegia aldatu duela aitortu du. Nolanahi ere, ez ditu sariak “zamatzat” hartzen, eta beti saiatzen da, lana ahalik eta ondoen egiteko, “gogor jarduten”.  “Ezohiko lanbidea duen gizon arrunta naiz”.

 

Donostia Saria jasotzea “ohore handia” dela esan du. “Eskerrak eman nahi ditut, nire lana aintzat hartzeagatik”.

2001ean “Training Day” filmean Fuquarekin lan egin eta gero “Mendekatzailea”n berriro zuzendariarekin bat egin ondoren, film hark “arrakasta handia” izan zuela eta “aukera asko” eman zizkiola ekarri du gogora Washingtonek, eta berriz elkartzeko “une  aproposa” zela erantsi du: “Egin dugun lanaz harro nago: jendeak pelikula ikusi nahi du, eta gozatua hartzea  espero dut”.

Bestalde, antzerkiarentzat, “arte kutunarentzat”, hitz gozoak izan ditu. Taula gainera itzuli berri da, eta bertan publikoarengandik “askoz gehiago” jasotzen duela adierazi du. Halaber, ukatu egin du batzuek leporatzen dioten bezala “beti film bera” egin izana.