Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Perlak saila

'Relatos salvajes': muga, abiapuntu gisa

Natxo Velez | eitb.eus

Damian Szifron zuzendari argentinarrak gehiegikeriei eta bidegabekeriei aurre egiteko plazeraren inguruko sei kontakizun labur, basati eta bizkor aurkeztu ditu Donostian, film bakarrean.

1:18

“Relatos salvajes”ek, “Lasa eta Zabala” filmaren egunean Perlak sailean proiektatutako pelikulak, sei kontakizun txundigarri proposatzen ditu, umore beltzaren eta tonu komun baten bidez pelikula bakarrera ekarrita. Bizitzak aurrean jartzen dizkigun muturreko egoerei zelan aurre egiten diegun kontatzen du filmak; bizitzak, edo exijentzia eta konpetentzia basatiak, burokraziak, ustelkeriak eta beste epidemia orokor batzuek gidatutako existentzia horrek.

 

Damián Szifronek (“Tiempo de valientes”…) komedia basatiz mozorrotu du errealitate ilun eta tragikoaren errepresentazioa, eta ikusleek gertu-gertukotzat hartzen dituen egoera eta haserreei aurre egiten dieten pertsonaiak pantailaratu ditu, luxuzko aktore zerrendan oinarrituta (oso ona, Leonardo Sbaragliaren eta Erica Rivasen lana, esaterako).

 

Tarantinoren (irrigarria, bigarren kontakizuneko bi emakume pertsonaien arteko elkarrizketa), road movie-n eta ipuin laburren antologien (Szifronek “Amazing stories” Spielbergen saila aipatu du erreferentzia gisa) usaina dario filmari, eta begien aurrean erasoei aurre egiten dieten herritarrak jartzen dizkigu. Argentinan arrakasta handia erdietsi du Almodovar anaiek ekoitzitako lanak.

 

Publikoak bere burua amildegira bultzatuta ikusi duten pertsonaien azken erantzuna ikusten du, enpatiaz. Beste masaila jartzeaz akituta dauden herritarrak irudikatzen dizkigu zinemagile argentinarrak, eta, horrez guztiaz gain, irribarre bat marrazten digu. Ez da gutxi.