Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Ohorezko saria

Emily Watson aktoreak jasoko du aurten Donostia Saria

M.G | eitb.eus

Zineman, antzerkian eta telebistan egindako ibilbide luzeagatik omenduko dute aktore britainiarra Donostiako Zinemaldian.

1:37

Emily Watson aktore britainiarrak jasoko du Donostia Zinemaldiaren 63. edizioko Donostia Saria, zineman, antzerkian eta telebistan egindako ibilbide luzeagatik. Hala, aurtengo ohorezko saria bitan Emakumezko Aktore Onenaren Oscar sarirako hautagai izan denari emango diote, irailaren 25eko ekitaldian.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak eman du izendapenaren berri. Aurtengo Donostia sari bakarra jasoko du aktore britainiarrak. Hala ere, Zinemaldia beste Donostia sari bat emateko aukera aztertzen ari omen da, baina "oso zaila" izango da, saritu nahi duten pertsonaren agenda arazoak direla medio.

Zineman egin zuen lehenengo agerraldi garrantzitsua Lars von Trier zuzendariaren eskutik egin zuen, Breaking the Waves filmean, eta Alan William Parkerren Angela's Ashes filmari esker egin zen ezagun.

Drama Studio London eskola ospetsuan ikasi bazuen ere, Royal Shakespeare Companyren eskutik egin zituen bere lehenengo lanak, baina Von Trierren pelikularekin lortu zuen nazioarteko fama, Oscarrerako eta Urrezko Globoetarako hautagai izendatu baitzuten.

Berriro lortu zituen bi izendapen horiek 1998an, Anand Tuckerren Hilary and Jackie filmean egindako lanagatik.

Arrakasta handiko lanetan parte hartu du Watsonek ordutik. Hala, Robert Altmanen Gosford Park-en (2000), Tim Burtonen Corpse Bride-n (2005), eta Alan Parkerren Angela’s Ashes-en (1999) aritu zen. Azken horri esker, BAFTA saria lortu zuen, gainera.

Steven Spielbergen War Horse (2011) eta Joe Wrighten Anna Karenina (2011) dira aste honetan Everest aurkezten ari den aktorearen beste lan ezagunetako batzuk.

Era berean, Brett Ratnerren Red Dragon-en (2002), Stephen Hopkinsen The Life and Death of Peter Sellers-en (Urrezko Globorako hautagai izan zen), Chris Noonanen Miss Potter-en (2006), Sophie Barthesen Cold Souls-en (2009) eta James Marshen The Theory of Everything-en ere egin zuen lan.

2002an sustraietara itzuli zen, eta hainbat lan taularatu zituen; William Shakespeareren lan bat eta Chejoven beste bat, besteak beste.

besteak beste.