Zinemaldia
Zinemaldia
'Lejos del mar'etik urrun
Natxo Velez | eitb.eus
Imanol Uribe bere jaialdira, Zinemaldira, itzuli da, ETAren indarkeria eta horren ondorioak jorratzen dituen lan batekin berriz. Filmak hainbat ate zabaltzen ditu, baina sinesgarritasuna falta zaio.
Bart kazetarientzat egindako emanaldiak piztutako muturreko erreakzioek xaxatuta (zenbaitek txalo eta barre ironikoak egin omen zituzten) eta ikusmina borborrean bertaratu naiz ?Lejos del mar?, lehiaz kanpo bada ere "Mi gran noche" eta "Amama" lanen ostean aurtengo Sail Ofizialean programatutako hirugarren eta azken euskal pelikula, ikustera.
Imanol Uribek berriz jorratu ditu ETAren indarkeria eta horren ondorioak film berrian. Militar bat hil zuen ETAko kidea eta haren alaba parez pare jarri ditu, Eduard Fernandez eta Elena Anaya aktore primerakoen lana baliatuta, eta non eta Donostiako Zinemaldian egin du gainera, Urrezko Maskor bi (?Azken egunak? eta ?Bwana? filmengatik, 1993 eta 1996. urteetan) eman dizkion zinema topagunean.
Donostiar zuzendariak Almerian, Gata lurmuturreko orografia malkartsu, idor eta zakarrean, kokatu du istorioa. Eta tonua erabat uztartzen da tokiaren nolakotasunarekin: lehorra, minimalista eta soila da oso (besteak beste, Kalo Berridi donostiarraren argazki zuzendaritzari esker). Hain da biluzia proposamena, Uribek musika guztia kendu zuen azken edizioan, artegatasun hori hanpatzearren.
Pelikulak gai ezerosoari heltzen dio, gai beharrezkoari hortaz (?Sentimenduak ezin dira lurperatu, ez dira desagertzen?, esan du Uribek prentsaurrekoan), hala nola indarkeriaren ondorioak: barkamena, errua, mendekua? Hartara, ate oso interesgarriak zeharkatzeko gonbita egiten du, pentsatzeko akuilu izan liteke, eta hori beti da ona.
Gidoian zirriborratutako gaiak ikuslearen buruan hara-hona ibiliko dira, seguru asko, filmean zehar, baina susmoa dut pantailan 105 minutuz marrazten den istoriotik oso urrun, kontakizunarekin paraleloan, lerratuko direla hausnarketok; izan ere, zaila da pentsamendua Uribek proposatutako kontaketan kateatzea, gidoiaren ertz sinesgaitz batzuen eta kontakizunaren testuinguruan nekez gerta litezkeen zenbait elkarrizketa eta egoera tarteko.
Anaya eta Fernandezen pertsonaien arteko elkarrizketa sakon pare bat salba litezke, istoriotik gehien urruntzen direnak agian, baina, oro har, esan dezakegu istorioaren dramatikotasuna urak hartuta gelditzen dela, txiki. Plazaratuko ahal ditu, nolanahi den, filmak zenbait pentsamendu, botila itxiaren barruko mezuak bailiran!