Itxi

Zinemaldia 2024

Asteazkena, hilak 21

Sigourney Weaverrek Donostia saria jasoko du gaur

Agentziak | Erredakzioa

Estatubatuar aktoreak aurtengo zinema jaialdiko bigarren Donostia saria jasoko du, eitb.eus-ek 22:00etatik aurrera zuzenean eskainiko duen ekitaldian.

  • Sigourney Weaver Donostian da dagoeneko

    Sigourney Weaver Donostian da dagoeneko

Sigourney Weaver aktoreak Donostia saria jasoko du asteazken honetan, Kursaalek hartuko duen ekitaldi batean, "A monster calls" Juan Antonio Bayonaren filma proiektatu aurretik. Sail Ofizialean dagoen baina Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko ez den lanean, Weaver ez ezik, Felicity Jones eta Liam Neeson aktoreak ere agertzen dira, besteak beste. Saria emateko ekitaldia eitb.eus-en jarraitu ahalko da, zuzenean.

Bayonaren hirugarren film hau Patrick Nessen eleberri batean oinarrituta dago, eta gidoia ere Nessen lana izan da. Erresuma Batuan gazteentzako eleberri onenaren saria jaso duen lan honek Conorren istorioa kontatzen du, gauero bisitatzen duen munstro baten laguntzaz amaren gaixotasunari aurre egin nahi dion umearena.

Aktorea atzo, asteartea, heldu zen Maria Cristina hotelera, 13:30 aldera.

Hirugarrenez etorriko da Sigourney Weaver Donostiako Zinemaldira, aurretik "Alien" (1979) eta "A map of the world? (1999) aurkezten egon baitzen.

Jaialdiak bere ibilbide artistiko osoa aitortzeko emango dio saria Weaverri. Hain zuzen ere, 1977an abiatu zuen ibilbidea, non eta "Annie Hall" Woody Allenen filmean, eta gero "Alien" (Ridley Scott), "Gorilak lainopean" (1988) eta "A map of the world" etorri ziren, besteak beste. Hiru aldiz egon da Oscar sarietarako izendatuta, bi Urrezko Globo eta Bafta sari bat irabazi ditu.

"Kalebegiak", Donostiaren 15 ikuspuntu

Weaverri eman beharreko golardoaz gain, bada zer ikusia gaur. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren ekimenaren baitan, Donostian filmatutako edo inspiratutako 12 istorioz osatutako "Kalebegiak" filma proiektatuko da iluntzean, 20:00etan, Belodromoan.

Honakoek hartu dute parte proiektuan: Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Daniel Calparsoro, Iñaki Camacho, Las chicas de Pasaik (Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriarte), Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Isabel Herguera, Ekain Irigoien, Julio Medem, Izibene Oñederra, Gracia Querejeta eta Imanol Uribe.

15 izenok ez ezik, beste batzuk ere badaude "Kalebegiak" proiektuaren ostean; izan ere, diziplina anitzeko proiektua da. Musikenek soinu-bandaren konposizioan hartu du parte, eta EHU/UPVko Itzulpengintza eta Interpretazio Fakultateko ikasleek egin dituzte azpitituluak, eleaniztasuna ziurtatzeko.