Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Astelehena, irailak 11

Zinemaldiko galetarako sarrerak, salgai

Agentziak | Erredakzioa

Donostia sariak emateko ekitaldien eta irekiera-itxiera galen sarrerak Internet bidez eros daitezke dagoeneko. Proiekzio guztietarako txartelak igandean, irailak 17, jarriko dituzte salgai.

  • Ricardo Darinek jasoko du Donostia sarietako bat. Argazkia: Gabriel Machado.

    Ricardo Darinek jasoko du Donostia sarietako bat. Argazkia: Gabriel Machado.

Donostiako 65. Zinemaldiko sarrerak astelehenean, irailak 11, eta igandean, hilak 17, jarriko dituzte salgai. Irailaren 22tik 30era ospatuko dute zinema jaialdia, Gipuzkoako hiriburuan.

Zinemaldiak zehaztu duenez, asteleheneko 09:00etatik aurrera, salgai daude Donostia sariak emateko galen eta irekiera eta itxiera zeremonien txartelak, Internet bidez.

Irailaren 17an, igandearekin, saio guztietarako sarrerak erosi ahalko dira 09:00etatik aurrera, bide guztiak erabilita: Zinemaldi Plazako (Kursaaleko beheko solairua) eta Kursaal Zentroko (Sail Ofizialeko bonuak eta 10 txartel baino gutxiago) txarteldegiak eta Internet.

Halaber, sarrerak Victoria Eugeniako, Tabakalerako eta Principe zinema aretoetako txarteldegietan erosi ahalko dira irailaren 22tik aurrera, eta Trueba eta Antiguo Berri zinema aretoetakoetan, hilaren 23tik aurrera.

Antonio Elorzako Belodromokoei dagokienez, bertako leihatiletan jartzen dituzte salgai, saioak hasi baino bi ordu lehenago hasita. Gehienez, pertsona bakoitzak lau sarrera eros ditzake saio bakoitzerako.

Salmenta toki guztietan, kolpe bakarrean 7,20 euroko 10 sarrera baino gehiago erosiz gero, % 25eko beherapena izango da.

Bestalde, Kutxabanken txartel gaztea dutenek (K26, K26+, Mastercard/Visa BBK26, Mastercard/Visa BBK26+, Gaztekutxa, Visa Gazte edo Telecaja Joven) % 50eko beherapena izango dute sarrera bakoitzeko, bonuetan eta galetarako sarreretan izan ezik, eta euro baten truke jaso ahal izango dituzte euskarazko azpidatziak dituzten pelikuletarako sarrerak.