Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldiko bigarren eguna

2017ko Espainiako Zinematografia Saria, Antonio Banderasentzat

O.A.| EITB.EUS

Halaber, Paz Vega aktoreari Zinema Latinoaren Jaeger-LeCoultre saria emango diote Victoria Eugenia antzokian.

1:14

Atzoko irekiera galaren ondotik, Zinemaldiak bigarren eguna du gaur. Antonio Banderasek eta Paz Vegak sari bana jaso dute: lehenengoak, 2017ko Espainiako Zinematografia Saria; bigarrenak, Zinema Latinoaren Jaeger-LeCoultre saria. Halaber, ohi den bezala, film aukera zabala izango da gaur ere Donostian, baina horietatik nabarmentzekoak dira Sail Ofizialean ikusgai izango diren El Autor, Alanis eta La Douleur / Memoir of Pain.

Antonio Banderas aktore, zuzendari eta ekoizleak Espainiako Zinematografia Saria jaso du Zinemaldiaren baitan. Sari banaketa ekitaldia eguerdian egin da Tabakalerako Prisma aretoan. Tradizioz, San Telmo museoan egin izan bada ere, aurten tokiz aldatu dute ekitaldia.

Bere hitzaldian Donostia gogoan izan du, are gehiago, hiriari aipamena eginez hasi du bere hitzaldia: "Zeinen ederra dagoen Donostia". Segidan, Pedro Almodovar zuzendariaren Laberinto de pasiones 1982ko Zinemaldian aurkeztu zuteneko kontuak ekarri ditu gogora eta bazterrak nahastu zituztela adierazi du.

Ibilbide profesionalaren errepasoa egin ostean, hausnarketa honekin amaitu du: "37 urteko ibilbidearen ostean, nire lana norbaitentzat baliagarria izan dela espero dut: aktoreentzat, nirekin barre egin dutenentzat eta nire herriarentzat".

Ekitaldiaren amaieran kazetarien galderei erantzunez, Katalunian gertatzen ari dena behatzeko zaila dela nabarmendu du eta, tarteka, Berlangaren pelikula bat dirudiela gaineratu du.

Banderasek Malagako Arte Dramatikoko Eskolari emango dio 30.000 euroko saria.

Zinema Latinoaren Jaeger-LeCoultre saria

Ez da ordea gaur banatuko den sari bakarra izango. Paz Vega aktoreari Zinema Latinoaren Jaeger-LeCoultre saria emango diote Donostiako Zinemaldian. Bigarrenez emango dute sari hori, iaz estreinakoa Gael Garcia Bernalek irabazi eta gero. Aktore andaluziarrak omenaldia jasoko du Victoria Eugenia antzokiak hartuko duen gala batean, eta, horren ostean, "zinema latinoa ospatzeko jaia" egingo dute.

Saria jaso aurretik kazetarien aurrean adierazi duenez, sari oro baloratzen badu ere, honek "ilusio berezia" egiten dio. Dena den, aktoreek sariak jasotzeko baino bizirauteko lan egiten dutela gaineratu du.

Emakume izateagatik lanean diskriminazio egoerarik bizi izan duen galdetuta, inoiz ez duela horrelakorik sentitu aitortu du. Aitzitik, errodajeetan matxismoa pairatu izan duela nabarmendu du.

Vegak dozenaka film egin ditu Europan eta Amerikan, eta zuzendari handiekin lan egin du: Julio Medem, Pedro Almodovar, Vicente Aranda, Frank Miller, Danis Tanovic, Oliver Parker, Michelle Placido, Taviani anaiak, ?

Sail Ofiziala eta Zinemira

Sail Ofizialari dagokionez, guztira lau pelikula ikusi ahal izango dira: La douleur / Memoir of Pain, Alanis, Submergence eta El autor. Euskal filmak erakusten dituen Zinemira sailean, berriz, Bi txirula proiektatuko da. Gainera, filmaren ondorenerako solasaldi bat antolatu dute eta bertan izango dira Iñigo García Agirrezabalaga (zuzendaria eta gidoilaria) Jose Luis Barredo Goikoetxea (Ekoizlea eta argazki zuzendaria) eta Jon Elizalde (aktorea).(2017ko Donostiako Zinemaldiko egitaraua).