Zinemaldia 2024
IRAILAK 24
Iritsi da Zinemaldiko egun 'Handia'
O.A. | EITB.EUS
Hiru urtean Sail Ofizialean erakutsiko duten euskarazko hirugarren filma izango da. Horrez gain, Agnes Varda zinegile belgikarrak Donostia Saria jasoko du.
-
'Handia' pelikulako fotograma bat.
Iritsi da egun Handia aurtengo Zinemaldira, Sail Ofizialean gaur estreinatuko baita Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako pelikula. Dena den, ez da eguneko ekitaldi nabarmen bakarra izango; izan ere, Agnes Varda zinegile belgikarrak Donostia Saria jasoko du Victoria Eugenia antzokian egingo den ekitaldian.
Zinema aretoetara iritsi baino hilabete eskas lehenago, Urrezko eta Zilarrezko Maskorretarako lasterketan arituko da, beraz, Altzoko Handiaren bizitzaren nondik norakoetan oinarritutako filma.
Loreak eta Amama pelikulen ondoren, hiru urtean Sail Ofizialean erakutsiko duten euskarazko hirugarren filma izango da EiTBren parte-hartzea duen istorioa.
Handiaz gain, Sail Ofizialean beste hiru pelikula ikusi ahal izango dira, lehen aldiz: Le sens de la fête / C'est la vie!, Ni juge, ni soumise / So Help Me God, eta Uchiage hanabi, shita kara miruka? Yoko kara miruka? / Fireworks, Should We See It from the Side or the Bottom?
Euskal filmak erakusten dituen Zinemira sailean, berriz, Non lanaren txanda izango da. Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs Le Petit Theatre de Pain antzerki konpainiaren sortzailea fikzio zinematografikoaren alorrean estreinatuko dira Non filmarekin. Euskal ekoizpenekin jarraituz, Zabaltegi-Tabakalera sailean Koldo Almandozen Plagan izango da ikusgai.
Bestalde, Operación Concharen munduko estreinaldia izango da belodromoan. Donostia Zinemaldian girotutako endredozko komedia bat da eta EiTBren parte-hartzea du. Antonio Cuadrik zuzendu du, eta Jordi Mollá, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramón Agirre eta Bárbara Goenaga dira protagonistak.
Donostia Saria Agnes Vardari
Agnes Varda zinegile belgikarra izango da aurten Donostia Saria jasotzen lehena. Varda zinemagileari Victoria Eugenia antzokian emango diote saria 16:00etan hasiko den ekitaldian.
Sari banaketa ekitaldia eitb.eus-en ikusi ahal izango da 20:15etatik aurrera.
Vardaren atzetik, datozen egunetan Monica Bellucci aktore italiarraren eta Ricardo Darin argentinarraren txanda izango da. Bellucci aktore italiarrari Anoeta belodromoan egingo den ekitaldian emango diote saria, eta Ricardo Darin aktore argentinarrari, berriz, Kursaal jauregian.
Agnes Varda Donostian da dagoeneko. Argazkia: EFE
Bestalde, gaur iristekoa da Arnold Schwarzenegger estatubatuarra Donostiara.