Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

66. edizioa

Filmen eta izarren aukera oparoa Donostian, zinema gosea asetzeko

N.V. | eitb.eus

Gaur hasi da Donostiako Zinemaldia. Antolatzaileek aurreratutakoaren artean, izarrak ugari, Sail Ofizial “ausarta” eta inoiz baino euskal zinema gehiago.

2:45

Dena prest dago Donostian Zinemaldiaren hirurogeita seigarren ediziorako. Lehen izarrak hirian dira dagoeneko, aretoak milaka ikusleren joan-etorria hartzeko gertu daude eta alfonbra gorria zabalduta ageri da hirian.

Irekiera galaren ondoren —21:00etatik aurrera eitb.eus-en zuzenean—, “El amor menos pensado” Ricardo Darin protagonista duen komedia erromantikoak filmen erauntsia irekiko du. Bederatzi egun iraungo duen jaialdian, hiru izen handik jasoko dute Donostia saria, Zinemaldiaren aintzatespen nagusia, aurten: Judi Dench Oscarraren irabazle eta britainiar zinemaren erregina, Danny DeVitto estatubatuar aktore, ekoizle eta zuzendaria eta Hirokazu Kore-eda japoniar zuzendaria.

Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo, “Dantza” euskal pelikula proiektatuko dute, eta, horrez gain, “generoekin jolasten diren film ausartak” ikusi ahalko dira, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariaren hitzetan. Asiar filmek pisu nabarmena hartuko dute Urrezko Maskorrerako lehian, eta garaikurra eraman duten bi espainiar zuzendariren lan berriak ere sartu dituzte: Carlos Vermut eta Isaki Lacuesta.

Halaber, Louis Garrel, Felix Van Groeningen,  Peter Strickland eta Naomi Kawase zuzendarien lanak izango dira Donostiako pantailetan ikusgai, eta, horien eskutik, Robert Pattinson, Juliette Binoche, Lily-Rose Depp, Timothée Chalamet, Laetitia Casta eta Mia Goth aktoreak etorriko dira hirira, besteak beste.

Alexander Payne estatubatuar zuzendaria (Nebraska, The Descendants) buru duen epaimahai batek ebatziko ditu sariak.

Gainera, Perlak sailak, esaterako, beste jaialdi batzuetan arrakasta handia izan duten filmak erakusten dituen atalak, Jacques Audiard, Damien Chazelle, Alfonso Cuaron eta Spike Lee zuzendari handien azken lanak erakutsiko ditu, eta atal horretan sartutako filmak ordezkatzera bertaratuko dira Donostiara Ryan Gosling, Bradley Cooper eta Claire Foy.

Euskal zinema

Jaialdiaren historian euskal zinema gehien erakutsiko duena izango da 2018ko edizio hau. “Dantza” ez bezala, bi euskal film sari bila lehiatuko dira, New Directors atalean (“Oreina”, Koldo Almandozena”) eta Zabaltegi-Tabakaleran (“592 metroz goiti”, Maddi Barberrena).

Guztira hogei euskal film ikusi ahalko dira, EiTBren parte-hartzea duten hamabi, besteak beste “Another day of life” (Raul de la fuente), “Gure oroitzapenak”, “Black is Beltza”, “Vitoria, 3 de marzo”, “Margolaria”…