Itxi

Zinemaldia 2024

Sail Ofiziala

'Beautiful boy'k mendekotasunen aurkako oihua eraman du Zinemaldira

Natxo Velez | eitb.eus (Donostia)

Felix Van Groeningen zuzendariak Sail Ofizialean aurkeztu duen mendekotasunei eta familiari buruzko filmean, aktoreak istorioa baino dirdiratsuago ageri dira.

Zenbat aldiz huts egin dezakegu etsi baino lehenago? Zer muga dituzte baldintzarik gabeko atxikimenduak eta maitasunak? Felix Van Groeningenek behin eta berriz, gehiegitan, galdetzen dio hori ikusleari, funts handirik gabe, “Beautiful boy” besteak beste Brad Pittek ekoitzitako filmean. Gaur iritsi da Zinemaldiko Sail Ofizialera droga-mendekotasunari buruzko drama, Amazon estudioek jaialdira ekarritako lehen pelikula.

Mendekotasunen aurkako aldarrikapen laua egiteko, “Alabana Monroe” hizpide dugun filma baino film interesgarriagoa ere zuzendu zuen zinemagileak David eta Nic Sheff aita-semeen liburu autobiografikoak erabili ditu. Bi lanon erdibidean jarrita, argi-ilunik gabeko filmean irudikatu ditu mendekotasunaren ingurukoak, Chamaletek Donostiako prentsaurrekoan esan duenez, “AEBn gazte eta helduengan armek eta zirkulazio istripuek baino hildako gehiago uzten dituen krisia”.

Hainbat kantu gogoangarriz gain (Nirvana, Sigur Ros eta Tim Buckley entzun daitezke, besteak beste), “Beautiful boy”k Chamaleten beraren interpretazioa du alde onenetako bat. “Call me by your name” eta “Lady Bird” filmetan ezagutu genuen aktore estatubatuarrak, Donostian hautsak harrotu dituenak, zortzi kilo galdu zituen Nic Sheffena egiteko, eta pertsonaiari “gizatasuna” ematea izan du helburu nagusi filmatze lanetan, edonor identifika ahal dadin berarekin, Chamaletek esan duenez, “mendekotasunak ez baitu ezberdintzen sexuaren, arrazaren eta besteren arabera… Edonori gerta dakioke”.

Mendekotasunaren, kontsumitzaileen aurkako errepresioaren bidez konpondu ez den arazoaren, aurkako aldarrikapena egiteaz haraindi, filmak ez du aurrerabiderik egiten, ez dio ikusleari biderik irekitzen, eta etengabe ari da ideia bakarraren inguruan biraka.