Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Perlak sailean

Ryan Gosling, Donostian: 'First man-ek erantzunak ematen ditu'

Agentzak | Erredakzioa

Kanadar aktoreak ikusmin handia piztu du Zinemaldian, Perlak sailean ‘First man’ Neil Armstrongen alderik pertsonalena erakusten duen filma aurkeztu duela eta.

1:55

Ryan Gosling aktoreak ‘First man’ filma aurkeztu du gaur Donostiako Zinemaldian, Perlak sailean, Claire Foy aktorearekin batera, eta Neil Armostrong gorpuztu duen aktoreak prentsaurrekoa baliatu du Donald Trumpek egindako adierazpen batzuei erantzuteko. Trumpek pelikularen aurka egin zuen, ez baitu pantailaratzen astronautek Ilargian AEBko bandera ezarri zuten unea.

"Eztabaida hori filma ikusi ez dutenek sustatu dute bakarrik, horregatik pozten nau filma erakutsi izanak: filmak berak ematen ditu erantzunak", esan du Goslingek kazetariek galdetuta, eta ez du gai horri buruz hitz egiten jarraitu nahi.

“First man”en, Neil Armstrong buru zela gizakia lehenengoz Ilargira eraman zuen espedizioa kontatzen da, baita horren aurreko eta ondorengo urteak ere: “Istorioa erakutsi zidatenean, harrituta gelditu nintzen jakin nuenean Neilek eta Janet haren emazteak zer gauzari aurre egin behar izan zizkieten”, adierazi du aktoreak.

“Biak kameraren aurrean irribarrez erakusten dituzten argazki ospetsuenak soilik neuzkan buruan, baina ez nekien zeri egin zioten uko eta zein min sakona sufritu zuten”, esan du Goslingek batik bat armstrongdarrek bidaia egin baino urte batzuk lehenago minbiziaren ondorioz alaba bat galdu zutela gogoan zuela.

Goslingek esker ona agertu du Gipuzkoako hiriburuan eman dioten ongietorriagatik, eta, txantxetan, esan du oso hiri polita dirudiela Donostiak “leihotik”, ez omen baitu denborarik izan ondo ezagutzeko.

Kanadar aktoreak esan du erantzukizun handiz jardun dela Armstrong gorpuzteko orduan: “Ezberdina da fikziozko pertsonaiena egitea, askatasuna izaten baituzu berori sortzeko. Kasu honetan, erronka handiena zen Neilen seme-alabek filma ikusiko zutela, eta garrantzitsua iruditu zitzaidan hori omentzea”, esan du bukatzeko.