Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Irailak 18-26

Zinemaldiak pandemiak eragindako neurriekin egingo dio aurre aurtengo edizioari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Musukoak eta eskuen garbitasuna derrigorrezkoak izango dira, sarrerak internet bidez soilik salduko dira eta segurtasun distantzia errespetatuko da aretoetan.

1:26
Aurtengo Zinemaldia gaur aurkeztu dute. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Donostiako Zinemaldiak ateak irekiko ditu, hilaren 18an, covid-19ak eragindako pandemiaren egoerara moldatuz. Alfonbra gorriak, autografoak eta argazkiak ekidin egingo dira eta pandemiak eragindako neurriei egokituko da zinemaren esentzia bere horretan mantendu ahal izateko.

"Jendeak filmak ikusi ahalko dituen arren, aukera murritzagoa izango da eta jende askoz gutxiago bilduko da areto bakoitzean. Zinemaldiak hainbat aldaketa izango ditu bere baitan, baina oinarrizkoena, alegia, filmak ikustea, hori bermatuta egongo da", azaldu du Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak, ostiral honetan, Donostian egindako aurkezpenean.

Kursaaleko auditorioan, esaterako, 600 pertsona onartuko dituzten gehienez (%50 baino gutxiago); gainontzeko aretoetan, ordea, edukiera %50 eta %60koa izango da.

Oro har, Zinemaldiak 2019an baino 65 film gutxiago aurkeztuko ditu (%31 gutxiago) eta iaz baino 159 emanaldi gutxiago eskainiko dira, hain zuzen ere, %23. Honek sarbidea ahalbidetuko du eta film baten eta hurrengoaren arteko aretoaren garbiketa bermatzea ere ahalbidetuko du.

Musukoak eta eskuen garbitasuna derrigorrezkoak izango dira, sarrerak internet bidez soilik salduko dira eta segurtasun distantzia errespetatu beharko da une oro.