Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

69. edizioa

Johnny Depp, 2021eko Zinemaldiaren Donostia Saria

Mikel Dominguez | EITB Media

Estatu Batuetako aktore eta ekoizleak irailaren 22an, asteazkena, jasoko du Donostiako Zinemaldiaren ohorezko saria.

  • Johnny Depp, Zinemaldiari egindako azken bisitan, 2020an.

    Johnny Depp, Zinemaldiari egindako azken bisitan, 2020an. Argazkia: EFE

Johnny Depp aktore eta ekoizle estatubatuarra Donostia Sariarekin omenduko du Donostiako Zinemaldiak. Deppek irailaren 22an, asteazkena, jasoko du ohorezko saria, 17tik 25era egingo den 69. edizioan.

Donostiako zinema jaialdiak iragarritako Donostia Sariaren lehen izena izan da Depp. Zinemaldiaren arabera, estatubatuarra "zinematografia garaikidean ditugun talentu eta moldakortasun handieneko aktoreetako bat" da.

Aktore bezala egindako ibilbide arrakastatsuaz aparte, zenbait pelikula ekoiztu ditu Deppek. Azkenak (Crock of Gold: A Few Rounds With Shane MacGowan) The Pogueseko abeslariari buruzko lanak, Epaimahaiaren Sari Berezia eman zion 2020ko Zinemaldian. Donostiara egindako bisita horretan onartu zuen txakolinarekin "obsesionatuta" dagoela.

20 urtez Donostian egon gabe igaro ondoren, Zinemaldira itzultzearekin "oso pozik" agertu zen 2020an. Horren ustez, Donostia Zinemaldiak "zinemarekin eta pelikulekin zerikusia du, ez zati zentzugabe eta sentsazionalistarekin".

00:00

Ibilbide luzea 21 urterekin hasi zuen, Freddy Kruegerren biktima gisa A Nightmare on Elm Street (1984) filmean. 90eko hamarkadaren hasieran eskuratu zituen rol protagonista garrantzitsuak, Cry-Baby (John Waters) eta Edward Scissorhands (Tim Burton) pelikuletan, hain zuzen.

Burtonen aginduetara aritu zen gero berriro (Ed Wood eta Sleepy Hollow) eta beste zenbait zinema zuzendarirekin ere egin du lan, Emir Kusturica, Jim Jarmush eta Terry Gilliam handiekin, esaterako.

Publiko zabalaren maitasuna ekarri zion papera Jack Sparrow kapitainarena izan zen, Pirates of the Caribbean sagako bost pelikuletan. Hiru aldiz izendatu dute Oscar sarietan, Urrezko Globo bat irabazi du eta bederatzi aldiz izendatu dute, eta Screen Actors Guildek gizonezko aktore onenaren saria eman zion.

Zinemaldiak ohar batean esan duenez, Deppek askotariko rolak egin ditu, hala nola idazlea, polizia infiltratua eta bidelapurra izan baita, "ia beti pertsonaia moldakaitzak antzeztu ditu, nolanahi ere", eta, besteak beste, Marlon Brando, Faye Dunaway, Jerry Lewis, Penélope Cruz, Dustin Hoffman, Judi Dench, Al Pacino, Michelle Pfeiffer eta Leonardo Di Caprio aktore handien ondoan egin du lan.