Itxi

Zinemaldia 2024

69. edizioa

Asier Altunaren "Hondalea: amildegia itsasoan" lana estreinatuko dute gaur, Euskal Zinemaren Galan

EITB Media

Altunak Zinemaldiarekin estuki lotuta jarraitzen du, "Amama" (Irizar saria, 2015) lanarekin Sail Ofizialean lehiatu eta beste lan batzuk aurkeztu eta gero, "Agur Etxebeste!" (2019) esate baterako. Zinemirak, fikziozko eta ez-fikziozko hamaika lan eskaintzen ditu aurten.

  • Donostia, Zinemaldian murgilduta. Argazkia: Zinemaldia

    Donostia, Zinemaldian murgilduta. Argazkia: Zinemaldia

Astearte honetan, irailak 21, Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969) zuzendutako "Hondalea: amildegia itsasoan" ez-fikziozko filma estreinatuko dute, Euskal Zinemaren Galan. Hain zuzen ere, Cristina Iglesias artistak Donostiako Santa Klara uharterako sortu duen obraren nondik norakoak jorratzen ditu.

Gauzak horrela, Altunak Zinemaldiarekin estuki lotuta jarraitzen du, "Amama" (Irizar saria, 2015) lanarekin Sail Ofizialean lehiatu eta beste lan batzuk aurkeztu eta gero, "Agur Etxebeste!" (2019) esate baterako. Iaz, Culinary Zinema saila inauguratu zuen, ez-fikziozko beste film batekin: "Arzak Since 1897".

Hain zuzen ere, Euskal Zinemaren Gala zuzenean jarraitu ahal izango da telebistan (ETB4) eta eitb.eus-en, 22:30ean.

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren edizio honetan, euskal zinemari berariaz eskainitako sailak, alegia, besteak beste EITBren babesa duen Zinemirak, fikziozko eta ez-fikziozko hamaika lan eskaintzen ditu aurten.

Horietako zazpik, Zinemaldian mundu mailako estreinaldiak, Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko hautagai izango dira, Zinemaldiko beste atal batzuetan dauden beste bi lanekin batera. Hala, bederatzi ekoizpen lehiatuko dira guztira, eta 20.000 euroko saria emango diote filmaren ekoizleari edo ekoizleei.

Besteak beste, lan hauek daude horien artean: Asier Altunaren "Hondalea: amildegia itsasoan" ez-fikziozko filma, eta Iciar Bollainen "Maixabel" filma, Blanca Portillo eta Luis Tosar protagonista eta Maixabel Lasaren bizipenak oinarri dituena, ETAk 2000. urtean hildako Juan Maria Jauregiren alarguna baita.

Halaber, ondorengo hauek ere saria irabazteko aukera dute: "No somos nada" (Javier Corcuera), La Polla Records taldearen agur-biran filmatua; "Aztarnak" (Maru Solares), haurtzaroko aztarnei buruzkoa; eta "Bolante baten historia" (Iñaki Alforja eta Iban Toledo), Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra desagertu zeneko eta haren familiak haren gorpuaren bila emandako 40 urteri buruzko ikerketa oinarri duena.

Lehiaketarako lanen zerrenda film hauek osatzen dute: Iker Elorrietaren "El radioaficionado", autismoa duen gazte bati buruzkoa; Xabier Erkiziaren "O Gemer", idi-gurdien soinu bitxian inspiratutako film-esperimentala; Maider Oleagaren "Kuartk Valley", Araban filmatutako western bati buruzkoa; eta "Pandemic Tour 2020 Belako", Hernan Zinek Mungiako musika-taldearen biran egindakoa, pandemia betean.

Bestalde, Kimuak programaren ibilbideari Zinemira Saria emango diote. Euskal Zinemaren Galan erakutsiko den kartel berria Udane Juaristi (Azkoitia, 1985) margolari gipuzkoarrak sortu du.

Hain zuzen ere, 17 euskal ekoizpen (13 film luze, film labur bat, telesail bat, ekoizpen fasean dagoen film bat eta proiektu bat) Donostiako 69. Zinemaldiaren programazioaren parte dira. Sail Ofizialak, Zabaltegi-Tabakalerak, Zinemirak, Euskal Zinema eta EITB galek, WIP Europak eta Ikusmira Berriakek osatzen dute egitaraua.