Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

69. edizioa

Johnny Depp Donostian da jada

EITB Media

69. edizioko bigarren Donostia Saria jasoko du gaur Deppek. Lehiaketatik kanpo, EITB Galan, "Irabazi arte" telesailaren lehen atala aurkeztuko da. Bartzelonan bizi den neskato batek futbolean jokatzea du gustuko, baina haren ama istripu batean hil ostean, aitak jaioterrira itzultzea erabakiko du.

  • Johnny Depp, Zinemaldian. Argazkia: EFE

    Johnny Depp, Zinemaldian. Argazkia: EFE

Johnny Depp iritsi da Donostiara. Atzoko 23:00ak alderako zegoen aurreikusita bere iritsiera, baina, antza denez, Londres-Miarritz hegaldia Tolosara desbideratu behar izan zuten. Azkenean, kotxez etorri da handik Donostiara, eta goizaldean iritsi da. 

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak 69. edizioan banatzen duen bigarren Donostia Saria jasoko du Johnny Deppek gaur, irailak 22, "zinemagintza garaikideko aktorerik talentudun eta moldakorrenetako bat izateagatik". Horrela, orain arte egindako ibilbide profesionala txalotuko du Zinemaldiak.

Aktore estatubatuarra ez da aurten ohorezko saria jasoko duen bakarra; izan ere, Marion Cotillard aktore frantziarrak 2021eko lehen Donostia Saria jaso zuen inaugurazio ekitaldian, Penelope Cruzen eskutik.

Johnny Deppi gaur gauean emango diote Donostia Saria, eta ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da telebistan (ETB4) eta eitb.eus-en, 22:00etan.

Hain zuzen ere, Deppek hiru izendapen lortu ditu Oscar sarietarako eta Urrezko Globo bat irabazi du, beste sari askoren artean. Testuinguru horretan, ikus-entzunezko 90 ekoizpen baino gehiagotan hartu du parte, eta hamar bat film ere ekoitzi ditu, tartean Andrew Levitasen "Minamata", berriena.

Azken bi hamarkada hauetan izendatu dute Oscar sarietarako, "Pirates of the Caribbean: The Curse of the Black Pearl" (2003), "Finding Neverland" (2004) eta "Sweeney Todd: The Demon Barber of Fleet Street" (2007) pelikulengatik. Hain zuzen ere, Jack Sparrow kapitain pirata gisa "Pirates of the Caribbean" sagan egindako interpretazioari esker belaunaldi berrien miresmena lortu du.

Zehazki, hirugarren aldiz etorri da Zinemaldira; izan ere, 1998an, Terry Gilliamekin batera etorri zen aurreneko aldiz, eta iaz ere Donostian izan zen, pandemiaren ondorioz aktore ugari falta izan ziren edizio berezian.

EITB Gala

Lehiaketatik kanpo, EITB Galan, Javier Garcia de Vicuñak zuzendu eta Pausokak ekoitzitako "Irabazi arte" telesailaren lehen atala aurkeztuko da. Bartzelonan bizi den neskato batek futbolean jokatzea du gustuko, baina haren ama istripu batean hil ostean, aitak jaioterrira itzultzea erabakiko du.

Une horretatik aurrera, bizitza berri batera egokitu beharko du Arenek. Aitonarekin bizitzen ikasi beharko du eta lagun berriak egin beharko ditu. Hori guztia, amaren galera gainditzen saiatzen den bitartean. Baina, batez ere, Arenek denen aurreiritzien aurka kementsu borrokatu beharko du emakumezkoen futbol talde bat sortu ahal izateko, herrian inoiz izan den lehenbizikoa.

Euskadin erreferente izatea eta publiko berriarentzat erakargarriak diren entretenimendu proiektuak gauzatzea da EITB ikus-entzunezko taldearen helburua. Telesaileko protagonisten bitartez, gaur egun gizartean dauden askotariko gaiak landuko dituzte, hala nola futbolaren inguruan eta kirolean dagoen giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia eta, oro har, gaur egungo nerabeek dituzten erronkak.