Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Euskara kolokiala

Lagunarteko euskarari buruzko lehen eskuliburua atera dute EITBk eta UEUk elkarlanean

EITB

Asier Larrinagak prestatu duen lanean, sortzaileek eta irakasleek, gazteei euskara kolokiala transmititzeko baliabide ugari aurkituko dituzte.

  • Asier Larrinaga Larrazabal EITBko Euskara Zerbitzuko burua.

    Asier Larrinagak, EITBko Euskara Zerbitzuko buruak prestatu du liburua. Argazkia: EITB.

Euskara kolokialaren eskuliburua kaleko eta lagunarteko euskarari buruzko lehen liburua da, batik bat sorkuntzaren eta irakaskuntzaren arloetan ari direnentzat baliagarria izateko helburua duena. Hutsune handi bat betetzera dator, orain arte ez baitzegoen lagunarteko euskararen deskribapen osorik, hasi ahoskeratik, deklinabidetik eta aditzetik sintaxiraino eta hiztegiraino. Eskuliburua Asier Larrinaga Larrazabal EITBko Euskara Zerbitzuko buruak prestatu du, eta UEUren webgunean eta Durangoko Azokaren denda birtualean eskura daiteke. 

Alde batetik, eskuliburuak baliabideak eskaintzen dizkie euskaraz lagunarteko hizketak landu behar dituzten gidoilari, itzultzaile, idazle eta gainerakoei. Beste alde batetik, irakaskuntzan pentsatuta, erreferentzia-materiala eskaintzen die euskaltegi, ikastola zein institutuetan euskara lantzeko ariketak prestatu behar dituzten irakasleei. Sortzaileon eta irakasleon ardura da, hein handi batean, euskara kolokialaren baliabideak hiztun berrien esku jartzea, eta eskuliburu honetan helduleku bat aurki dezakete. Hortik aurrera, hizkuntzan eta euskaran interesa duen edonork irakur dezake. Ez da liburu espezializatu bat, dibulgatiboa baizik, eta, aldi berean, kontsulta-lan bat ere bada. 

Eskuliburuak zati bi ditu, teorikoa eta praktikoa. Zati teorikoko bost kapituluetan, euskara kolokialaren ezaugarriak xehatzen dira. Lehenean, hizkera edo erregistro kolokiala zer den azaltzen da eta, hurrengo hiruretan, euskara kolokialaren ahoskera, morfosintaxia eta lexikoa deskribatzen dira. Bosgarren kapituluak hurbilagotik begiratzen die euskarazko aldaera kolokial jakin batzuei. Bigarren zatia hiztegi bat da, euskarazko hitz arruntak, hala nola hil, kazetari, on edo haserretu, lagunarteko hizketan beste modu batean esateko aukerak eskaintzen dituena. Hiztegiaren atala adibide ugariz hornituta dago, baita lehen zatia ere. 

Euskara kolokialaren eskuliburua oso une berezian dator, azkenaldian euskara sustatzeko estrategia guztien erdigunean lagunarteko erregistroa dagoelako. Lagunarteko hizkera konfiantzazko solaskideekin erabiltzen den hizkera da, alegia, lagunekin, ikaskideekin, senideekin edo lankideekin. Hizkera kolokialaren beste muturrean formala dago, eskolan ikasten den erregistroa. Azken hamarkadetan, hiztun asko eta asko ikastetxean euskaldundu dira, eta euskara formala ezagutu dute nagusiki, liburuetakoa. Askoz ere gutxiago landu dute kaleko euskara, eta horrek ekarri du lagunartean euskaraz txarrago egokitzea eta gaztelaniara igarotzea. 

EITBk eta UEUk kaleraturiko eskuliburuan, baliabide ugari aurki ditzakete sortzaileek eta irakasleek gazteei euskara kolokiala transmititzeko komiki, telesail, nobela, eskolako ariketa, kanta, bideoklip, meme, itzulpen nahiz bestelakoen bidez.