Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Gaztea

Gaztea Cover lehiaketako final handia, ostegun honetan

EITB Media

Streaming bidez jarraitu ahalko da, eta finalistek etxetik hartuko dute parte. 200.000 ikustaldi izan ditu #GazteCover-ek sarean.

  • Gaztea Coverren finala iritsi da

    Gaztea Coverren finala iritsi da

Gaztea Cover lehiaketaren final handia ostegun honetan egingo da, apirilaren 15ean, eta formatu berezia izango du, pandemiaren egoerak hala eskatuta. 20:00etan hasita, streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da Gaztearen webgunean, eta finalistek etxetik hartuko dute parte. Ekimena oso arrakastatsua izan da sarean, #GazteCover lehiaketaren baitan 200.000 ikustalditik gora batu dira.

Finalean lau onenak izango dira: epamahaiak Ainhoa Arroitajauregiren "Driver license" eta Eider Sanchezen "23 de junio" aukeratu ditu finalerako; webguneko bozketan, berriz, Maria Izagaren "The house of the rising sun" eta Alaitz Artolaren "Miseriak" coverrek lortu dituzte boto gehien.

Epaimahaiaren sariaren irabazleak 2000 euroko txekea jasoko du musika material profesionala saltzen duen txirula.com dendan erabiltzeko, eta 1000 euro gastatu ahalko ditu toki berean boto gehien jasotzen dituen lehiakideak. Finala hasten denean, hain zuzen ere, bozketa berezia jarriko da martxan webgunean, entzuleek lau finalistean artean aukera dezaten. Boto gehien jasotzen dituena izango da nagusi.

Parte hartze arrakastatsua izan du Gaztea Coverrek: ia 200 abesti jaso dituzte denera baina onenak iritsi dira finalera.  Antolatzaileek, partaidetza handiaz gainera, nerabeen partaidetza eta genero aldetik emakumeen nagusitasuna balioan jarri nahi izan dute. Halaber, azpimarragarria izan da sare eta webgunean izandako oihartzuna: plataforma guztietatik jasotako coverren ikustaldiak zenbatuz, #GazteCover lehiaketaren baitan 200.000 ikustalditik gora batu dira.

Hizkuntzari dagokionez, euskarazko abestiak gailendu dira. Ingelesari eta gaztelaniari erreparatuz gero, kopuru berdintsua dute batak zein besteak. 

Epaimahaia ere ez da nolanahikoa izan. Maialen Gurbindok, (Chica Sobresalto taldeko eta "OT 2020" saioko kidea), Iñigo Etxezarretak (ETS) eta Leire Letuk (abeslaria, cover egilea eta "Gu" saioko kolaboratzailea) osatu dute. 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Gaztea