Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Estreinaldia

"Jateko Modukoa" saioaren hirugarren denboraldia, gaurtik aurrera, EITBn

EITB Media

ETB1en eta eitb.eus-en izango da programa ikusgai, 22:30etik aurrera. Denboraldi berriko lehen atalean gonbidatu erromantikoa izango dute, eta saltsa bila helduko diren hiru sukaldari.

0:29

"Jateko Modukoa" saioaren hirugarren denboraldia hasiko da gaur, urtarrilak 26, 22:30etik aurrera, ETB1ean eta eitb.eus-en. Oraingoan ere, jaki onekiko zaletasuna eta jende berria ezagutzeko gosea elkartuko ditu programak, Klaudio Landak aurkeztuta.

Aurrekoetan bezala, atal bakoitzean lau lagunek hartuko dute parte: gonbidatuak eta sukaldean arituko diren hiru pertsonak. Hiru sukaldari horiek gonbidatuarentzat kozinatuko dute. Gainera, aurreko denboraldian bezala, joko pikanteak antolatuko dituzte gonbidatuaren eta sukaldarien artean, elkar hobeto ezagutzeko helburuarekin.

Beti bezala, plateren dastaketa itsu-itsuan izango da: gonbidatuak plater bakoitza nork prestatu duen jakin gabe probatu eta ebaluatu beharko du guztia. Amaieran, jatekoa prestatu duten hiru sukaldarien artean, jakirik gustukoenak prestatzea lortu duena hobeto ezagutzeko aukera izango du afari erromantiko batean. Bertan jakingo du saioaren hasieran begiz jo duen sukaldaria izan ote den jateko moduko plater gehien prestatu dizkiona.

Gonbidatu erromantikoa, denboraldi berriko estreinaldian

Gaurko programan Naika durangarra, Barakaldoko Andrea eta Leire bermeotarra arduratuko dira sukaldean saltsa jartzen. Hiru neskak gogotsu daude eta Eukeni gonbidatuarentzat kozinatu beharko dute, bere gustua limurtu eta, era berean, gasteiztarraren bihotza bereganatzeko.

Mutil erromantikoa eta sentibera da Eukeni, eta Ekialde Urrunetik datorren errezeta bat aukeratu du lehen platererako, neskak aho zabalik utziko dituen pista. Bigarren errezetan, aldiz, arriskatu egingo da eta ezohiko jaki bat ekarriko du gure sukaldera. Sukaldariek irudimena dantzan jarri beharko dute eta euren trebetasuna erakutsi, puntuazio altuena lortzeko.

Beste behin, sukaldeak eta ligoteoak bat egingo dute "Jateko Modukoa" saioko sukaldean.

"Jateko Modukoa" saioaren denboraldi berria,  Klaudio Landak aurkeztuta, ostegunero, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Webgunea: www.eitb.eus/eu/telebista/programak/jateko-modukoa/
Sareetan:
Instagram: instagram.com/jatekomodukoa_etb/
Twitter: twitter.com/JatekoModukoa
TikTok: @jatekomodukoaetb
Atal guztiekin playlist berezia EITBren YouTube kanalean:https://www.youtube.com/playlist?list=PLKE4WT5Uudh3drKNW-hXNLkhR3dTU4C8g