Itxi

telebista

Saio berria

'Eskerrik Asko, Petrov' azken hiru hamarkadetako historia

A.E.

EITB

Urtarrilaren amaiera aldera hasiko dira telesaila ematen ETB-1en eta ETB-2n.

0:08
Gorka Otxoa belarra mozten.

Euskal Telebista 'Eskerrik Asko, Petrov' saio berria ari da prestatzen. Gorka Otxoaren eskutik, azken hiru hamarkaden errepasoa egingo du Euskal Herrian eta munduan. 

Hamabi atalez osatuta dago telesaila. Atal bakoitza ordu betekoa da. Kontakizuna 1983an abiatuko da, urte horretan hasi zen, hain zuzen ere, ETB martxan. Harritu eta zirrara eragingo diguten historia asko jakin eta gogoratuko ditugu. Gertaera hauek ezagutu ez zituztenek eta ezagutu zituztenek , 30 urte uste duguna baino askoz gehiago direla pentsatuko dute.

Besteak beste, 1983ko uholdeak, Athletic eta Realaren garaipenak 80ko hamarkadan, euskal rock erradikala eta moda jorratuko dituzte. Horrez gain, indarkeriaren unerik gogorrenak eta urte hauetan bizi izan ditugun krisi ekonomikoak kontatuko dituzte. Ez dira faltako, aletuko diren gaien artean, bizitzeko modu diferenteari begirada eta teknologiaren iraultzak izan duen eragina gure bizitzan.

 Albiste txundigarriak eta gure historiako une gogoangarriak bildu dituzte. Baina baita historia txikiak ere; xehetasunak, irudiak eta ia ahaztuta ditugun pertsonaiak, gure artxiboetatik berreskuratu ditugunak, alegia. Protagonistetako askok historia hauek nola bizi izan zituzten kontatuko dute eta hiru hamarkada hauetan arrastoa utzi duten jazoerei buruzko iritzia emango.

Ehun bat  lagun dira atal hauetan lekukoa eman dutenak: kirolariak  (Julian Retegi, Andoni Zubizarreta, Jose Mari Olazabal, John Toshack, Marino Lejarreta eta Iñaki Perurena, besteak beste), politikoak (hainbat lehendakari eta alderdietako ordezkariak), kulturako ordezkariak (El Drogas, Bernardo Atxaga, Juan Carlos Perez, Lourdes Fernandez, Javier Gurrutxaga, Harkaitz Cano eta  Karmele Jaio), sukaldaritza arlokoak (Carlos Argiñano), zientzialariak (Pedro Miguel Etxenike), beste esparru batzuetan diharduten langileak, EITBko aurkezle, aktore eta kazetariak, eta baita gizartearen bilakaeraz mintzatuko diren herritar ezezagunak.

'Eskerrik Asko, Petrov' saioan gogoeta egiteko, hunkitzeko eta umorerako tartea izango da. Gorka Otxoa aktoreak, saioaren aurkezleak, atal bakoitzean  une jakin horretako gertakizun eta bizimodu, ohitura eta modekin zerikusia duten esperientzia eta bizipenak izango ditu. Otxoa oso ezaguna da gure artean, 'Vaya Semanita' eta 'Al Rescate'n aktore aritu delako ETBn, eta beste telebista batzuetan ere arrakastaz jardun duelako. Zinean ere entzutea lortu du Pagafantas eta Bypass filmeengatik. Lau urte zituen Gorkak 1983 urrun hartan; hartara, distantzia apur batekin eta begirada pausatuaz erakusten digu jazotako guztia.

Eta, jakina, saioaren beste funtsezko erreferentzia Stanislv Petrov teniente koronela dugu; saioaren izenburuan aipatzen da bere izena. Gizon honek mundua salbatu zuen, gerra nuklearra saihestuz. Hain juxtu, ETB sortu zen urtean, 1983. urtean, izan zen. Moskutik 100 kilometrora zegoen Serpukhov-15 bunkerraren arduraduna zen Petrov. Bera jardunean zegoen, alegia, OKO sateliteak AEBko misil nuklearren jaurtiketa igarri zuenean. Intuizioari kasu eginez eta aginduak baztertuz, kontrako erasorik ez egitea erabaki zuen.  Eskertzekoa, beraz, bere jokabidea, alarma faltsua izan baitzen. Bere erabakiak, ordea, arazo asko eragin zizkion, baina mundua salbatu zuen.

Ordutik hona denetarik izan dugu, ona eta txarra, baina Petrov-en erabakiari esker saio honetan gertaera guztiak kontatzeko moduan gaudela ospatu dezakegu.

Rosa Zufiak zuzendutako telesailaren egilea Juanfe Garces da eta urtarrilaren amaieran hasiko da ETB-1en eta ETB-2n.