Itxi

telebista

Jarraipen zabala

Zinemaldiaren leihoa zabalduko du EiTBk

A.A.

EiTB

Irekiera ekitaldia ikusgai dago eitb.com-en. Irailaren 28ra bitartean, Donostiako zine jaialdiko ekitaldi nagusien berri emango da irrati, telebista zein internet bidez.

  • Aurtengo Zinemaldiaren kartela.

61. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren berri zabal emango du Euskal Irrati Telebistak bere medio guztietan, irrati, telebista eta interneten. Ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETB, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea eta eitb.com-en irailaren 28ra bitartean.

Irekiera ekitaldia ikusgai dago eitb.com-en. Cayetana Guillen Cuervok eta Unax Ugaldek gidatu dute hasierako gala. Bertan, nazioarteko epaimahaiko kideez gain, Michelle Yeoh eta Annette Bening aktoreak izan dira, baita Oliver Stone eta Terry Gilliam zinegileak ere. Bestalde, itxiera ekitaldia ere ETB1en eta eitb.com-en eskainiko da zuzen-zuzenean.

Donostia Sarien bi gala egingo dira: hilaren 22an Carmen Maura omenduko dute eta hilaren 27an Hugh Jackman. Biak zuzenean izango dira ikusgai eitb.com-en, eta hilaren 22koa ETB1en emango da beranduago. Juanba Berasategi marrazkigile eta ekoizle gipuzkoarraren ibilbidea Ziremira Sariarekin nabarmenduko dute irailaren 24an. Ekitaldi hau ere Internet bidez jarraitu ahal izango da.

ETBko albistegiek lan-talde zabala izango dute Donostiako Zinemaldiaren berri ematen. Zuzeneko, erreportaje eta elkarrizketa bidez bertatik bertara jarraituko dute hitzordu garrantzitsu hau, albiste den guztia ez ezik, ikusgai ez diren kontuak ere ikusleei erakutsiz. Arreta berezia eskainiko diote Sail Ofizialean aurkeztuko diren filmeei eta, noski, Donostiara etorriko diren zine munduko izarrei.

Vanessa Sanchezek ETB2n goizetako 12etan gidatzen duen 'Entrada Libre' elkarrizketa saioan tartea egingo diote Zinemaldiari. Irailaren 24an, hain zuzen ere, Mireia Gabilondo eta Esther Remiro Amaren eskuak filmeko zuzendari eta aktorea hartuko ditu gonbidatu Vanessak. Donostian estreinatuko den euskal ekoizpenetako bat da Amaren eskuak. Karmele Jaio idazlearen izen bereko eleberrian dago oinarrituta.

Bestalde, 'Airean' (ETB1, 15:45), 'Sin Ir Más Lejos' (ETB2, 16:30) eta 'Euskal Herria Zuzenean' (ETB1, 19:15) saioetan ere erreparatuko diote Donostiako zine jaialdiari datorren astean.

Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere Zinemaldiarekin

Euskadi Irratiko entzuleek gertu-gertutik bizi ahal izango dute Zinemaldian gertatzen den guztia. Egunero, goizeko 11:30etik aurrera, konexio bereziak egingo dituzte Zinemaldian arituko den lantalde zabalarekin. Prentsaurrekoak, protagonistak eta zaletuen iritziak ezagutuko dituzte berarekin. 16:00etatik aurrera, berriz, ordu erdiko saio bereziak eskainiko dira Euskadi Irratiko setetik. Analisiak, iritziak, hausnarketak eta mahai inguru bereziak osatuko dituzte Donostian bizi den giroa entzuleei helarazteko. Miren Rubio eta Mertxe Ezeiza kazetariek, Ane Muñoz zine zuzendariak, Begoña del Teso kritikariak eta Jose Luis Padron idazleak osatuko dute Euskadi Irratiko aditu taldea.

Radio Euskadiko programazioan ere tarte nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Felix Linares eta Marijo Villaverde berriemaile bereziekin konexioak egingo dituzte egunero albistegietan eta saio nagusietan, 'Boulevard', 'Iflandia' eta 'Ganbara'n. 'Kultura.com' saioan ere luze eta zabal jardungo dira Donostiako zine jaialdiaz egunero.

Webgune berezia eitb.com-en

Telebista eta irrati kateekin batera, eitb.com atariak jarraipen estua egingo du Internet erabiltzaileak informatzeko. Atal berezi bat izango dute webgunean, Zinemaldiaren berri guztiak bilduz. Albisteak, izarren bideoak, argazkiak... Sekzio ofizialeko pelikulak eta prentsaurrekoak jarraituko dituzte eta izarren peskizan ibiliko dira.

Bestalde, Zinemaldiko gala guztiak zuzenean jarraitzeko aukera izango da eitb.com-en: irekiera, itxiera, Donostia Sariak eta Zinemira Saria.