telebista
Gaur
'Bokatonada' erraldoia Bilbon, betiko merienda sustatzeko
A.E
David de Jorge sukaldariak eta Aimar San Miguel 'Masterchef Junior' saioko lehiakideak hiru bokata osasungarri, ezberdin eta dibertigarri egiten erakutsiko dute.
Gaur arratsaldean, 'Bokatonada' erraldoia antolatuko dute Bilboko Plaza Barrian, ETB2ko 'Robin Food' saioaren eta Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearen eskutik. Martxoaren 22an zen egitekoa, baina, egun horretarako eguraldi txarra iragarri zutenez, apirilera atzeratu zuten antolatzaileek.
Gaur egun modan dauden beste merienda batzuen aurrean, betiko merienda sustatzeko egingo dute ekimena. 17:00etan hasiko da, eta 14 urtera bitarteko neska-mutilek parte hartu ahalko dute bertan.
David de Jorge sukaldariak eta Aimar San Miguel 'Masterchef Junior' saioko lehiakideak hiru bokata osasungarri, ezberdin eta dibertigarri egiten erakutsiko dute. David de Jorgek proposatutako bokatak izango dira. Jon Gomez aurkezleak gidatuko du ekitaldia.
Gustu guztietarako bokatak egongo dira: lehenengoa, Philadelphia krema urdaiazpiko egosiarekin eta Pamplona txorizoarekin egingo dute; bigarrena, Nocilla, platano-xerrekin; eta hirugarrena, patea mortadela olibadunarekin.
Bokatak egiteko osagaiak Erriberako Merkatuak jarriko ditu, eta ogia, berriz, Bizkarra okindegi sareak. Hasi aurretik, parte-hartzaile guztiek osagaiak jaso eta lekua hartuko dute mahaietan. Bertan, David de Jorgeren argibideak jasoko dituzte bokata egiteko. Horrez gain, bokata bakoitza identifikatzen duten hiru txartel emango dizkiete, eta, bokata horiek jan ondoren, gustukoenaren aldeko botoa emango dute. Bozketa horretatik aterako da 'Robin Food' bokata.