Itxi

telebista

22:30ean

Gasteizko gastronomian barrena, gaurko 'No es País Para Sosos' saioan

A.H.

EITB

Laura de la Calle aktorea eta Luis Larrodera aurkezle eta umorista izango dira asteleheneko saioko gonbidatuak.

  • No Es País Para Sosos. Argazkia: EiTB

    'No Es País Para Sosos' saioa Gasteizen izango da, astelehenean. Argazkia: EiTB

Ramon Roteta eta Ander Gonzalez Gasteizera joango dira gaur gaueko 'No es País Para Sosos' saioan. 2014ko Hiriburu Gastronomikoaren xarma ezagutuko dute bi sukaldariek. Horretarako bi gonbidatu izango dituzte: Laura de la Calle aktore gasteiztarra eta bere senarra, Luis Larrodera telebista aurkezle eta umorista. Bikoteak sukaldarien lana epaitu beharko du saioaren amaieran.

Gasteiz: hiriburu gastronomikoa

Ramonek eta Anderrek Artium museoan hasiko dute aste honetako abentura. Bertako Cube jatetxean elkartuko dira Laura de la Calle eta Luis Larroderarekin, eta marinatutako hegaluze pintxoa dastatuko dute.

Ramonek, bere bakarkako ibilbidearen hasieran, Patxi Eceiza Zaldiaran jatetxeko sukaldariarekin izango du hitzordua. Michelin izar bat duen hiriko jatetxe bakarra da Zaldiaran, eta sukaldariak, trufa krokante dastagarria prestatuko dio Ramoni. Horrez gain, Juanito Oiarzabal mendizalea lagun duela, Bodeguita Cubanara joango da.

Anderrek, bitartean, Perretxiko la Taberna del Marmitako taberna ezagunera joango da, 'pintxo'ak jateko hiriko tokirik onena. Ahate tartariez egindako briochea plantzan prestatuko dio Josean Merino sukaldariak Anderri.

Saioaren bukaerako erronkaren aurretik, Mikel Urdangarin abeslariarekin elkartuko da Ander. Kupela Ardotxoko tabernan garagardoa edan ostean, Heraclio Furnier museora joango dira. Bertan, Sukalki jatetxeko sukaldariak oso jaki berezia prestatuko die: Arabako mendiko zaldiko bresaola, Añanako Gatzagako gatzarekin egindako foie marinatuarekin.

Bitartean, Ramon Buesa Arenara joango da eta saskibaloian jokatuko du Fernando San Emeterio Laboral Kutxa taldeko kapitainarekin. Pabiloian bertan, Sagartoki jatetxeko sukaldariak, Senen Gonzalezek, bi pintxo prestatuko dizkie: bata arrautzez egina, eta bestea deshidratatutako barazkiekin.

Amaitzeko, bi sukaldarien arteko erronka egingo dute Salburuako Ataria begiratokian, Laura de la Calle eta Luis Larrodera gonbidatuen begiradapean. Nork jasoko du hobeto Gasteizko gastronomiaren esentzia bere platerean?

'No es País para Sosos' gaur emitituko da 22:30etik aurrera ETB2n.