Itxi

telebista

Gaur, 22:15ean, ETB2n

Maribel Salas, Jon Plazaola eta Aizkorriko sukaldaritza 'NEPPS' saioan

L.A | EITB.EUS

EITB

Gaur, Maribel Salas eta Jon Plazaola 'Allí abajo' telesail arrakastatsuan lanean ari diren aktoreak izango ditu bidelagun 'No es país para sosos' saioak, denboraldi honetako azken atalean.

Gaur, Aizkorri mendiaren inguruko sukaldaritza izango da protagonista 'No es país para sosos' saioaren denboraldi honetako seigarren eta azken atalean. Ramon Roteta ez da abentura honetan egongo, baina Maribel Salas aktorea bidaliko du bere tokia betetzera. Ramonen ihesaren arrazoiak ezagutuko al ditu 'Vaya Semanita' saioko eta Allí abajo telesaileko aktoreak? Ramonen falta ondo hartuko al du Anderrek? Gaur bertan jakingo dugu.

Maribelek eta Anderrek luxuzko gonbidatua izango dute: Jon Plazaola. Modan dagoen euskal aktoreetako bat dugu Jon, Allí abajo telesail arrakastatsuan protagonista-lanak egiten baititu.

Narbaxa arabar udalerrian hasiko da Aizkorrin helmuga izango duen bidaia hau, eta tripaki-plater ederra prestatuko die bertan Koipe-enea jatetxeak. Hemendik, bakarko abenturari ekingo diote Maribelek eta Anderrek, Gipuzkoarantz. Maribelek Zegama ingurua aukeratuko du; Anderrek, ordea, Oñatikoa.

Horrela, Zegaman, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko gidarekin izango du hitzordua Maribelek, San Adriango tunel naturala ikusteko. Antzina Araba eta Gipuzkoa batzen zituen errege-bidea igarotzen da bertatik, baita Gipuzkoa barnealdetik igarotzen den Donejakue Bidea ere. Gainera, izen berbera duen baseliza dago tuneralen barnean. Bidaia bukatuta, txerri iberikoaren masailak prestatuko dizkiote Otzaurteko bentan aktoreari. Euskadiko lehen unibertsitate izandako Sancti Spiritus Unibertsitatera joko du Anderrek, eta Zumeltzegi dorrea hoteleko jatetxean berakatz-saltsarekin eginiko erreboiloa dastatuko du ondoren.

Halaber, Zegama utzi aurretik, intxaur-pastak nola egiten diren ikusi nahiko du Maribelek, eta, horretarako, herriko okinarekin izango da Murgi-Zelai parkearen inguruetan; orain gutxi berreskuratu da intxaur-pasten errezeta, eta Gipuzkoako herri horretako bereizgarrietako bat da orain. Jarraian, muturreko abentura izango du Maribelek zain; izan ere, goitibeheran jaitsi beharko du maldan behera.

Bitartean, Arantzazuko santutegia bisitatuko du Anderrek, eta, monumentu horretara begira dagoen Zelai zabal jatetxean, mero zuria barazkiekin jateko aukera izango du.

Jon Plazaolarekin batera Aizkorri mendia igoz bukatuko da bidaia gastronomiko hau. Igoeran, geldialdia egingo dute Oltzako saroia artzain-bordan, eta, gazta nola egiten den ikasteaz gain, gatzatu batekin indarrak hartu, eta bideari ekingo diote berriro. Aizkorriko tontorrean, Maribelen eta Anderren arteko norgehiagoka gastronomikoaren ordua iritsiko da, eta Jon Plazaolak izango du azken erabakia. Nork irabaziko du?

Ez galdu 'No es país para sosos' saioa, gaur, 22:15ean, ETB2n.