telebista
22:15ean
Euskadiko hotelen sekretuetan barrena, gauean, 'Objetivo Euskadi'n
A.H. | EITB
Hotelen atzeko atetik sartuko dira Euskal Telebistako kamerak, bertoko funtzionamendua eta lantaldea ezagutzeko asmoarekin.
-
Langileak lanean ostatu batean
'Objetivo Euskadi' Euskal Herriko hotelen atzeko atetik sartuko da gaur, eraikin zoragarri horiek gordetzen dituzten sekretuak ezagutzera emateko asmoarekin. Hoteleko korridore eta geletan barrena ibiliko dira, bertan lan egiten duten profesionalak ezagutu eta euren istorioak entzuten.
Laguardian denek ezagutzen dute Txari, Los Parajes hoteleko nagusia. Bere etxean baino denbora gehiago igarotzen du bertan. Seme-alabek berarekin egiten dute lan: alabak garbiketa lanak egiten ditu eta semea mantentze-lanez arduratzen da.
Donostiako Londres hotel ospetsua Sol Davila zuzendari-ordearekin ezagutuko dute. Bere lana ikaragarri maite duela agerian utziko du. Lankideak ere estimuan ditu eta familia handi bat direla azalduko du, euren gorabeherekin noski.
Hoteleko atezaina, gaur egun oso erabilpen eskasa duen lanpostua da, baina Bilboko Ercilla hotelak eutsi egin dio postuari. Guillermo del Arco da bertako atezaina eta bere lanbidearekin oso pozik dagoela adieraziko du. Antzinako lanbidea dugu baita ere zapata-garbitzailearena. Jesus Maria Guiraldo hirietako hainbat hoteletan ibiltzen da oinetakoak garbitzen.
Iruñeko Europa hotelaren erakargarritasuna bere Michelin izardun jatetxea da. Miguel Indurain txirrindulari ohiarekin egingo dute topo bertan, eta elkarrekin hainbat plater dastatuko dituzte. Negozioaren promotorea Idoate anai-arreben aita izan zen eta eurek kudeatzen dute hotela gaur egun.
Galiziatik Euskadira etorritako Jose eta Manoli dira Arabako Subijanako Ruta de Europa hotelaren arduradunak. Bere kokapenagatik, kamioilarien topagune da. 24 orduz zabalik duten bertako jatetxetik mila pertsona inguru pasatzen dira egunero.
'Objetivo Euskadi' larunbat honetan emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.