Itxi

telebista

Gaur

Hedabideak eta Bakea eta Bizikidetza Jardunaldia, gaur, EiTBn

ERREDAKZIOA

EITB

EiTBko hedabideek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus) hainbat ikuspegitatik aztertuko dute hedabideek bake eta bizikidetza prozesuetan duten zeregina.

  • Hedabideak eta Bakea eta bizikidetza jardunaldiak

    Hedabideak eta Bakea eta bizikidetza jardunaldiak

Gaur, apirilak 27, EiTBko hedabideek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus) hainbat ikuspegitatik aztertuko dute komunikabideek bake eta bizikidetza prozesuetan duten zeregina.

'Oinatz Galduak - Las Huellas Perdidas' programarekin batera, oraingo ekimena Bake eta Bizikidetza Planaren ekintza-ardatzak adosteko, diseinatzeko eta garatzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebistak 2013-2016 eperako sinatu zuten akordio barruan kokatu behar da.

Goiz osoan, Euskal Irrati Telebistaren hedabideetan arlo ezberdinetako ordezkariak batzea da helburua: biktimak, batetik; komunikabide, erakunde, hezkuntza eta kultura arloetako ordezkariak, bestetik; eta bake eta bizikidetza prozesuko protagonistak eta sozietate zibilaren ordezkariak, aurrekoekin batera. Lehendakariari elkarrizketa egingo zaio, amaitzeko. Den-dena online, eitb.eus-en, izango da ikusgai.

Euskadi Irratiko 'Faktoria' irratsaioan jarriko da abian programazio berezia, belaunaldi berriei protagonismoa eta indarkeriak eragindako biktimen seme-alabei ahotsa emanez. Ibai Kortak, Jon Doralek eta Ane Muguruzak euren bizipen eta sentimenduak plazaratuko dituzte, baita bizikidetzari buruzko hausnarketak ere. Gainera, Adi-adian programan parte hartzen ari diren Bilboko Begoñazpi ikastolako ikasleen testigantzak ere jasoko ditu saioak. 08:30etik 10:00etara egingo den saio berezi honetan, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariarekin elkarrizketa ere egingo dute.

Radio Vitoriak Marta Buesa (Fernando Buesaren alaba) eta Eva Barroso (1976ko martxoaren 3an hildako Romualdo Barrosoren arreba) elkarrizketatuko ditu batera. Elkarrizketak 'Araba Gaur' albistegian izango dira entzungai, 08:30ean.

ETB1eko 'Egun On Euskadi' albistegian, 09:00etatik aurrera, Estepan Aldamiz-Etxebarriak Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia elkarrizketatuko du, eta Itsaso Andueza, Felipe Juaristi eta Elena Martinez de Madina gonbidatuekin debatea egingo dute.

Dani Alvarezek Radio Euskadin gidatzen duen 'Boulevard' saioak bi debate eskainiko ditu. Lehenengoan, 09:00etan, biktimak izango dira protagonista, eta Iñaki Garcia Arrizabalagak, Ines Nuñezek eta Dori Monasteriok hartuko dute bertan parte. Bigarrenean, 09:30ean, berriz, unibertsitateko ordezkari eta adituak izango dira: Ramon Zallo, Txema Ramirez de la Piscina, Eduardo Javier Ruiz Vieytez eta Monica Codina. Horren aurretik, 08:00etan, 'Boulevard' programak debatean parte hartuko duten biktima batzuentzako leku esanguratsuak bisitatuko ditu.

Azkenik, Blanca Saezek gidatuko duen 'En Jake' saioan, 11:30ean, komunikabideetako ordezkarien hitzak bilduko dituzte. Batetik, lehen bideoan, hauek agertuko dira: Begoña Marañon Radio Bilbao-Cadena SER Euskadiko zuzendaria, Jose Gabriel Mujika El Diario Vascoko zuzendaria, Iñaki Soto Garako zuzendaria, Pedro Ontos El Correoko zuzendariordea, Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria eta Edu Barinaga ETBko zuzendaria. Bestetik, bigarren bideoan, hauen adierazpenak erakutsiko dituzte: Jordi Evole 'Salvados' saioaren zuzendari eta aurkezlea, Lourdes Maldonado Antena3eko aurkezlea, Alvaro Lopez Goikoetxea TVEko Albistegietako Nazioartea esparruaren zuzendariordea, Miguel Angel Oliver Cuatroko albistegietako aurkezlea eta Manuel Campo Vidal Telebistaren Akademiako presidentea.

Bi bideoen artean, sare sozialen ikuspegia aztertuko dute Lorena Fernandez eta Julio Usandizaga adituekin, besteak beste.

Eguna amaitzeko, 'En Jake' saioaren barruan, Iñigo Urkullu lehendakaria elkarrizketatuko dute. Dani Alvarez Radio Euskadiko esataria Ajuria Enean egongo da lehendakariarekin, eta Blanca Saez kazetariak, berriz, Bilboko estudioetatik egingo dio elkarrizketa.