telebista
Zeu Zara EiTB
Zeu Zara EiTB Irun sariak martxoaren 8an banatuko dira Ficoban
A.E.|EiTB
Julian Iantzik eta June Ansoleagak aurkeztuko duten ekitaldira joateko sarrerak eskuragai daude Irungo Turismo Bulegoan.
Euskal Irrati Telebistak Zeu Zara EiTB ekimenaren hirugarren ekinaldia jarri du abian, Irun protagonista hartuta. Hiri horretan ekarpena egin duten pertsona, elkarte eta asmoak saritzea da helburua. Ekimena martxoaren 8an amaituko da Irungo Ficoban, Julian Iantzik eta June Ansoleagak aurkeztuko duten ekitaldiarekin. Ekitaldi horretan, gainera, 'Go!azen'eko aktoreek abestu eta dantza egingo dute. Dagoeneko bertara joateko sarrerak Irungo Turismo Bulegoan daude eskuragai.
Gizartearengandik hurbilago egoteko sortu zuen komunikazio taldeak Zeu Zara EiTB ekimena joan zen urtean. Lehenengo eta bigarren saioak Barakaldon eta Vitoria-Gasteizen egin ziren, hurrenez hurren, eta oso ondo hartu zituzten bertako hiritarrek.
Sariak sei sailetan banatu dira eta bost hautagai ditu bakoitzak, Dendarik Onena kasuan izan ezik. Sail honetan botoa ematen parte hartzen duenari bere proposamena egitea eskatuko zaio.
1.- Zeu Zara Solidarioa
2.- Zeu Zara Gure Enpresa
3.- Zeu Zara Dendarik Onena
4.- Zeu Zara Gure Kutuna
5.- Zeu Zara Ingurumenaren Laguna
6.- Zeu Zara Gure Enbaxadorea
'Zeu Zara Solidarioa' saria herritarrei zuzenduta egongo da, eta elkarteek egindako elkartasun ekintzak sarituko ditu. Hauek dira hautagaiak: Behar Bidasoa GKE, Ezezagunak Antzerki Taldea, Afagi, Aurreratu Elkartea eta Nagusilan.
'Zeu Zara Gure Enpresa' sariarekin herriaren memoria kolektiboan dagoen enpresa baten lana nabarmenduko da. Gaur egun eredu eta ikur den enpresa sarituko dute, hiriarentzat duen esanahiarengatik eta garai berriei egokitzeko izan duen gaitasunarengatik. Sail honetan, Bidassoa Basque Brewery, Pasquier-Recondo, Decoexa, Jart Skateboards eta Uvesco ditugu.
'Zeu Zara Dendarik Onena' sariak betiko denda edo jatetxe baten lana gailenduko du, denboran zehar oztopoei eta arazoei aurre egiten jakin duen saltoki edo ostalaritza-lokal bat. Sail honetan herritarrek proposatuko dute hautagai bat.
'Zeu Zara Gure Kutuna' sariak herritar bat nabarmenduko du, bere ibilbide pertsonal edo profesionalarengatik onespen publikoa merezi duelako. Proposatutako izenak hauek dira: Asun Casasola, Nagore Laffageren ama; Agustin Ugarte, Behar Bidasoaren presidentea; Jose Luis Azkue, Luis Marianoren piano-jotzailea; Ricardo Arregi, zirujaua, eta Julen Aginagalde, eskubaloi jokalaria.
'Zeu Zara Ingurumenaren Laguna' sariak ingurumenaren, klima aldaketaren eta biodibertsitatearen zaintzaren errespetua islatu nahi du. Jendartea arduratzen duten gai horietan, datozen belaunaldiei mundu hobea uzteko lanean diharduten pertsona, elkarte edo enpresa sarituko du. Honako hauen artean izango da bozketa: Plaiaundi Parke Ekologikoa, Bioterra, Lurriturriko Informazio Gunea, Uhinak eta Toki Alai institutua.
Azkenik, 'Zeu Zara Gure Enbaxadorea' sariak kulturan, ikerkuntzan edo kirolean Irun gure mugetatik at ezagunagoa izan dadin ahalegintzen den laguna edo erakundea goraipatuko du. Hautagaiak Real Union Kluba, Bidasoa Kirol Elkartea, Santiagotarrak, Leontxo Garcia eta Lourdes Maldonado izango dira.
Hautagaien aldeko botoa www.eitb.eus-en bitartez eman dezakete herritarrek.