13:14

telebista

Albistegi liderrak

ETBko albistegiek denboraldi berria hasi dute

A.E. | EiTB

Abuztua %21,1eko audientziarekin itxi dute, eta aurten, orain arte, %20,2ko audientziarekin eusten diote lidergoari.

1:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Astelehen honetan, irailaren 4an, jarri da abian ETBko albistegien denboraldi berria. Emaitza bikainak izan dituzte aurten ere uztaila eta abuztu guztian Euskadin lider diren albistegiek, eta euskal ikus-entzuleen informazio mina asetzen jarraitzea da helburu nagusia.

Uztailean %21eko audientzia zatia eskuratu zuten ETBko albistegiek eta abuztuan, berriz, %21,1ekoa, urteko marka onduz. Aurten, orain arte, bataz beste, %20,2ko audientzia eskuratu dute eta lidergoari sendo eusten diote.

Kateka, berriz, 'Teleberri' albistegiak uztailean %17,6ko audientzia lortu du eta bi hamarren gehiago izan ditu abuztuan. Aurten, orain arte, %17,1eko sharea du gaztelaniazko albistegiak. 'Gaur Egun' albistegiari dagokionez, %3,4ko audientzia kuota eskuratu du uztailean, %7,4koa euskaldunen artean, eta abuztuan %3,3 oro har eta %6,7 euskal ikus-entzuleen artean. ETB1eko urteko bataz bestekoa %3,1ekoa da eta euskaldunen artean %7,2koa.

Denboraldi honetan, nobedade gisa, Juan Carlos Etxeberria izango dugu aurkezle taldean asteburuan. Gaueko 'Teleberri'ren aurkezle ez ezik, asteburuko editore ere izango da Etxeberria aurrerantzean. Estibaliz Ruiz de Azuak gidatuko du eguerdiko 'Teleberri' saioa, eta 'Gaur Egun'en, berriz, Jonan Apaolaza arituko da orain arte bezala.

Astebarruan ez dago aldaketarik: Xabier Usabiaga eguerdiko 'Gaur Egun'en eta Iban Garate gauekoan; Africa Baeta eguerdiko 'Teleberri' saioan eta Amaia Urkia eta Xabier Garcia Ramsden gaueko edizioan.

Bestalde, kirol informazioa Jon Balentziagaren eta Ana Ramosen eskutik iritsiko zaigu ETB1en, eta Jose Ituarteren eta Sara Gandararen eskutik ETB2n.

Horrez gain, 'Gaur Egun'eko plato berria ere estreinatuko du albistegi taldeak eta estudioarekin batera, sintonia eta kareta berriak izango dituzte bi kanaletako albistegiek.

ETB2ko 'En Jake' eguerdiko aktualitate saioak, Xabier Lapitz gidari duela, kurtsoa gaur hasi du. Gaur zortzi hasiko dira, berriz, 'Egun On Euskadi' goizeko ETB1eko albistegia, Estepan Aldamiz-Etxebarriaren eskutik, eta arratsaldeko 'Ahoz Aho', Amaia Cayerok Ilaski Serranorekin eta Ruben Abalekin aurkezten duen magazina. Astearte gauean, berriro ere, 'Ahoz Aho+' emanaldi berezia izango da Saioa Martijaren eskutik.

ETB2n, bestalde, irailaren 15etik aurrera asteroko eztabaida saioa eskainiko da '7 Días' izenburupean. Arantza Ruiz izango da saioaren zuzendaria eta Estibaliz Ruiz de Azua gidaria.

Azkenik, igande goizetan ez du hutsik egingo irailaren 17tik aurrera 'Palabra de Ley' Mikel Ugaldek zuzendu eta aurkeztutako ETB2ko saioak.

Informazioa sarean, eitb.eus-en

Ahalegin horrek guztiak jarraipena eta isla du eitb.eus erreferentziazko web gune multimedian. 2017ko azken lauhilekorako erronka, aurreko zortzi hilabeteetan lortutako audientzi mailari eustea izango da. Izan ere, egunero, batez beste, 125.000 erabiltzaile bakar izan dira EiTBko webgunera informazioa edota entretenimendu bila heldu direnak.

Aktualitatearekin batera, Kontxako Bandera eta Donostia Zinemaldia izango dira arreta gune nagusiak ikasturtearen hasieran, eta Eusko Legebiltzarreko uda osteko lehen osoko bilkura ere bai.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Telebista

Iruzkinak

  • Publizitatea
    logo eitb nahieran
    Publizitatea
    Prentsa Aretoa Prentsa oharrak, deialdiak, agenda, fototeka,… Prentsa Aretoa
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena