Itxi

telebista

Gaur gauean, ETB1en

Mikel Laboa 'gugan' bizi dela erakutsiko du 'Gu, Laboa' dokumentalak

eitb.eus

Iban Gonzalezek zuzendutako dokumentala ez da musikariaren biografia bat, haren unibertsoaren eraginari buruzko film bat baizik. ETB1ek eta eitb.eus-ek eskainiko dute, 22:30ean.

3:25
'Gu, Laboa' dokumentalaren irudi bat

Hamar urte igaro dira Mikel Laboak utzi gintuenetik. EiTBk programazio eta eduki bereziak eskainiko ditu musikari handia omentzeko. Horien artean dago "Gu, Laboa" dokumentala. Gaur eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek.

Iban Gonzalez arrasatearrak zuzendu du "guztiona" den musikariari buruzko ikus-entzunezkoa. Zinemagileak azaldu duenez, Laboa "gugan bizi da". Hortik dator 'Gu, Laboa' izenburua: "Gu hori herri, zale, maitale, sortzaile, aita-ama, langile, artista, artisau, musikazale edota euskaltzale guztiak dira, zentzurik zabalenean ulertuta".

Laboaren lanaren "fruituak" hurrengo belaunaldietako "katebegietan" sortutako miresmenetik dator, beraz, "Gu, Laboa" dokumentala, eta, besteak beste, Anjel Valdes, Olatz Salvador eta Balu aritu dira bertan. Askotariko diziplinak batu dituzte, "gure kultura aberatsak duen abaniko zabala" ordezkatzeko. Izan ere, "Mikelen eragina jaso duten artista guztiak pelikula bakar batean sartzea guztiz ezinezkoa da", zuzendariaren esanetan.

Sortzaile guztiak agertzeko, Laboak erakutsitakoari jarraituz, komunikazio mota anitz eta aberatsa erabili du Gonzalezek. "Formak, plastikotasunak, indar handia du lan honetan. Laboarentzat bereziki esanguratsuak izan ziren herrietan izan gara, eta haren obraren hainbat kontzeptu landu ditugu, gaurkotasunera ekarriz eta zentzuendako jolasgarri izan daitezen zainduz", azaldu du.

Valdes: "Oraingo talde eta interprete gazte askorentzat inspirazio iturri esanguratsua izaten jarraitzen du"

"Hausnarketa artistiko" hau, beraz, "maitasun keinu bat" da. Mikel gertutik ezagutu eta maite zutenen artean dago Anjel Valdes, musikariaren diskoetxeko arduraduna. Laboaren eragina "iraunkorra" dela azaldu digu. "Beste talde edo disko batzuk modaren araberakoak izaten dira, eta horien garaia pasatutakoan iraganean geratzen dira. Mikel Laboaren kasua bestelakoa da, beti baita aktuala, eta orainaldian konjugatzen baita, oraingo talde eta interprete gazte askorentzat inspirazio iturri esanguratsua izaten jarraitzen duelako", horren ustez.

Elkar Musikaren katalogoari zentzu berezi bat ematen diola onartu digu Valdesek, eta "euskaldun izatearen korapiloa askatzen ikaragarri lagundu du". Tradiziotik abiatuta baina "lengoaia garaikidea" erabilita, euskal musika irauli eta betiko erreferente bihurtu zen Laboa. Valdesen hitzetan, "aurrera egiteko, atzera ere begiratu behar dugula irakatsi zuen". "Nondik gatozen jakin eta gure tradizioa ezagutu eta maitatu behar dugu, gero haren urratze bat egiteko; tradizioa urratuz egiten dugu aurrera beti", gehitu du Valdesek.

Protagonistek Laboarekin zuten harremana era askotakoa da. Olatz Salvador musikariarentzat, adibidez, "erreferente euskaldun handiena" da. "Txikitatik entzun izan dut, aita eta osabarekin lan egin izan duelako, baina garai hartan ez nuen ondo ulertzen sakonean zegoen guztia. Egia esan, esango nuke oraindik ere gauza berriak deskubritzen ditudala bera entzuten dudanean".

Balu artistarentzat ere, bere bizitzako soinu banda izan da. "Laboaren musika nire izanaren barneraino ailegatzen da sentimendu osoz", esan du. Bartzelonan bizi da 14 urte zituenetik, eta Laboak Euskal Herria eta euskal kultura bere egunerokotasunean islatzen laguntzen dio.

Euskal artistak Laboaren erretratu bat margotu zuen, eta "Gaberako Aterbea" abestian bezalaxe, New Yorkeko "Broadway eta 26. karrikaren kantoian" itsatsi zuen. Horrekin "bide berri bat" ireki zuen bere artearen ibilbidean.

Abesti bereziak guztientzat

New Yorkera garamatzan abesti hori da Balurengan eragin handiena izan duenetariko bat. Musikari donostiarraren diskografia ondo baino hobeto ezagutzen duen Valdesek, aldiz, "Iparraldetik jasotako herri abestiak eta 60ak+2" diskoa nabarmendu ditu, "hurbilena, dekorazio handirik gabea eta, aldi berean, txundigarria".

"Poesia garaikidea maite dutenentzat, 6, 12 eta 14 diskoak izango dira garrantzitsuak; Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia bezalakoen "sekulako olerkiak topatuko ditugu bertan". Hala ere, urratzeko gaitasunetik eta esperimentaziotik datorkio Laboari "sena", horren arabera, eta Lekeitioak "funtsezkoak" dira haren lana aztertzeko garaian.

Edozein kasutan, Salvadorrek azaldu duenez, "Laboak badu gaitasuna edozein bere unibertsora eramateko, baina horretarako bidea norberak aukeratu behar du". Musikari handiak protagonista hauengan irekitakoak erakusten du "Gu, Laboa" dokumentalak.

Pantaila handian ere bai

Aurrestreinaldia Donostian izan da, abenduaren 4an, 20:00etan, Victoria Eugenia antzokian, Laboaren gertukoak eta pelikularen protagonistak bertan zirela. Gainera, aurretik, antzokiaren aurrealdean, argi eta soinu ikuskizuna proiektatu dute, 18:00etan hasita.

Gaur, abenduaren 5ean, Durangoko Azokaren Irudienean emango dute, 19:00etan. Sarrera librea izango da.