Itxi

telebista

Aurkezpena

EiTBk 'Gu, Laboa' dokumentala aurkeztu du

EITB

Donostiako Victoria Eugenia antzokian dokumentalaren aurrestreinaldia egin da, eta gaur eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek.

  • Edu Barinaga (ETB), Iban González saioko zuzendaria eta Josemi Neltran (Donostia Kultura)

    'Gu Laboa' dokumentalaren aurkezpena. Argazkia: EiTB

2008ko abenduaren 1eko goizaldean hil zen Mikel Laboa euskal kantari eta musikari ospetsua. Haren heriotzak samin eta zirrara handia eragin zuen kultura munduan, eta, oro har, gizartean. Ordutik hamar urte igaro direnean, EiTBk Laboa omendu nahi du.

Asteartean, abenduaren 4an, Edu Barinaga ETBko zuzendari nagusiak, Iban Gonzalez dokumentalaren zuzendariak eta Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema arduradunak 'Gu, Laboa' dokumentala aurkeztu dute prentsaurrekoan.

Arratsaldean, gainera, dokumentalaren aurrestreinaldia egin da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 20:00etan. Ekitaldian, dokumentalean parte hartu duten protagonistak eta Mikel Laboaren gertuko lagun eta senideak bildu dira. Gainera, Victoria Eugenia antzokiaren aurrealdean argi eta soinu ikuskizuna proiektatu dute 18:00etatik aurrera. Egun berean, aurrestreinaldirako gonbidapenak lortzeko aukera izan da Victoria Eugenia antzokiko sarreran.

Gaur, abenduaren 5ean, Durangoko Azokako Irudienean izango da dokumentala ikusgai, 19:00etan. Bertarako sarrera librea izango da.

Bestalde, EiTB Taldeko irratietan eta eitb.eus-en Mikel Laboaren diskografia editatu osoaren bildumaren zozketa egingo dute, Elkar argitaletxearen eskutik. Zozketan parte hartzeko epea gaur arte egongo da zabalik.

Gu, Laboa dokumentala

Mikel Laboa hil zenetik 10 urte bete direnean, gaur egun musikari handiaren unibertsoak bizirik jarraitzen duela erakutsiko du Gu, Laboa dokumentalak. Horretarako, aski ezaguna den Mikel Laboaren atzerabegirakotik urrundu, eta gaur gure herrian, gure kulturan eta gure egunerokotasunean zein bizirik dagoen ikusiko dugu.

Mikelek erakutsitakoari jarraituz, dokumentalak komunikazio mota anitz eta aberatsa erabiliko du, euskal artearen diziplina ezberdinak uztartuz, hau baita beti aurrerantz begira zegoen artista bizirik dagoela erakusteko modurik ederrena.

Hori guztia aurrera eramateko, gure herriko kulturaren ordezkari gorenak eta promesa gazteak bilduko ditu ikus-entzunezkoak. Gonbidatu horien guztien hitzak eta edukiak gaika zenbait bloketan antolatu eta ikuskizun desberdinekin partekatu dituzte.

Lan honetan, adiskide eta bidelagun izan zituen Bernardo Atxaga, Anjel Valdes eta Iñaki Salvador entzungo ditugu, baita Jon Maia, Maite Aroitajauregi (Mursego), Arkaitz Martinez de San Vicente (Oreka TX) edo Gorka Urbizuren hausnarketak ere. Horiez gain, Kukai dantza konpainia, Jose Luis Zumeta, Aire Ahizpak, Bihotx txalapartariak, Ainara Ortega aktorea, Alaia Martin eta Maddalen Arzallus bertsolariak eta Maria Berasarte eta Olatz Salvador abeslariak ikusiko ditugu, beste askoren artean.

Dokumentalak, beraz, ez du proposamen historiko-biografikoa egingo. Proposamen artistikoa da, eta etorkizunera begira jarriko ditu ikus-entzuleak.

Baleuko etxeak egindako dokumentala da, eta Iban Gonzalezek zuzendu eta Jon Maiaren gidoia du.

ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur eskainiko dute dokumentala, 22:30etik aurrera. Jarraian, Mikel Laboak Lluis Llachekin batera 1984an Anoetan emandako kontzertua eskainiko dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena