Itxi

telebista

20:00etan

'Historias a Bocados' saioak Zaldibarrera egingo du bisita arratsaldean

EiTB

Juanita Bastida, Karlos Pradera eta Javier Olmorekin egongo da Joseba Arguiñano.

  • Joseba Arguiñano, Zaldibarren. (Argazkia: EiTB)

    Joseba Arguiñano, Zaldibarren. (Argazkia: EiTB)

'Historias a Bocados' Zaldibarren izango da gaur. Joseba Arguiñano gozogile eta sukaldaria bertako hainbat bizilagunekin arituko da solasean.

Juanita Bastida 78 urteko zaldibartarrak Zaldibarko ospitale psikiatriko zaharrean eman du bizitzaren erdia, sukaldari gisa lanean, lehenengo, eta harreragile lanetan, gero. Aspaldian bainuetxe zena gaur egun Osakidetzako Osasun Mentaleko ospitalea da. Juanitak bere laneko kontu guztiak kontatuko dizkio Josebari, eta, batez ere, Durangaldeko herri honetan bizimodua nolakoa den azalduko dio.

Karlos Praderak 64 urte ditu, eta Mallabikoa da, baina Zaldibarren bizi da duela 30 urtetik hona. Lanean denetarik egin du: gaztetan, esaterako, Eibarko arma lantegi batean eskopetak grabatzen egiten zuen beharra. Gaixotasun baten ondorioz hartu zuen aurretiko erretiroa, eta, gaur egun, bere zaletasunik handiena soinu txikiak (trikitixa) eskuz egitea da.

Javier Olmok 44 urte ditu, eta Basurtun erizain laguntzaile gisa egiten du lan, baina bere zaletasun nagusiak Japoniatik datorren Raku teknikaren bidez zeramika lanak egitea da. Oso teknika ikusgarria da: zeramika lanak labetik gori-gori ateratzen dituzte, eta zerrautsetan sartzen dituzte ondoren, itxura metalizatua har dezaten. Horrez gainera, erakustaldi ikusgarriak egiten ditu bere lanekin, sua erabiliz.

'Historias a Bocados' 20:00etan izaten da ikusgai, ETB2n eta eitb.eus-en.