Itxi

telebista

Denboraldi berria

"A Bocados" saioak laugarren denboraldiari ekin dio

EiTB

Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte aurkezleek errezeta berri eta osasuntsuak prestatzen erakutsiko digute arratsaldero, modu dibertigarri eta entretenigarrian.

  • Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte, "A Bocados" saioko aurkezleak

    Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte, "A Bocados" saioko aurkezleak. Argazkia EiTB

Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte aurkezleak berriro itzuliko dira arratsaldero gure pantailetara; izan ere, "A Bocados" gastronomia saioko laugarren denboraldiari ekin diote irailaren 21ean ETB2n eta eitb.eus-en. Errezeta berriak eta elikatzeko modu osasungarriak eskainiko dizkigute egoera berri honetara egokitutako sukaldetik.

Anderrek askotariko menuak prestatuta ikuslea harritzea izango du helburu, baina janariaz gozatzea xede bakarra duela. "A Bocados" saioko suak era guztietako errezetak prestatzeko piztuko dira; plater begetarianoak, nazioarteko errezetak, tradizionalak edota familia guztiarentzako menuak egiteko, besteak beste. Halaber, "pis-pas" platerak prestatzen ere jarraitu du, erraz eta modu arinean egin daitezkeen errezeta gozo eta gaziekin.

Gabrielak, bere aldetik, elikadura osasuntsua izateko gakoak ematen jarraituko du. Janariaz gozatzen erakutsi eta norberaren dietari egokitutako ohitura osasuntsuak mantentzen lagunduko digu. Aurtengo platoan sorpresa batekin egingo du topo, "Los huevos de Gabi" atal berriarekin. Arrautzek ikusleen kontsultak edo zalantzak izango dituzte barruan gordeta, eta saioan zehar horiek irakurri eta argitzen saiatuko da.

Ikusleen arteko interakzioa bultzatzeko, Anderrek eta Gabik eurekin are gehiago jolastea proposatu dute. Hemendik aurrera, "Pídeselo a Ander" atal berrian, ikusleek beraiek aukeratutako errezetak egitea eskatu ahalko dute. Gainera, platoan bertan egiten dituzten errezetak prestatzeko, Euskadiko kaleetan barrena arituko dira jendearen parte-hartzearen bila. Horrela, parte-hartzaileek Anderrek egiten dituen errezetei zein osagai gehitu edo kendu esan ahalko dute. Euskaditik kanpo bizi direnek ere euren ekarpena gehitu ahalko dute saiora bidaliko dituzten bideo edo mezuen bidez.

Denboraldi berri honetan ez da umorerik eta naturaltasunik faltako. Gabik sukaldaritza eta elikadurari buruzko jokoak egiten jarraituko du, eta gastronomiari lotutako hainbat kolaboratzaile izango dituzte bidelagun; tartean, Juan Carlos Arboleya elikagaien kimikaria, Juan Guibert sukaldeko tresnerietan aditua dena, Juan Uriarte psikologoa... Peliren txiste gastronomiko dibertigarriez gozatzen ere jarraitu ahalko dute, baita mediku eta prestatzaile fisikoen aholkuez ere.

Bukatzeko, inguruan ditugun ostalaritza negozio interesgarrienak deskubritzen jarraituko dute. Halaber, janari-lokalak bisitatuko dituzte, famatuen sukaldeetan barrena ibiliko dira, txokoetan, "food-truck" janari-lokaletan edota kalitatezko txoko eta negozioetan. Horrez gain, Iñaki Elorza kazetariak ikuslearen sukaldaritza ezagutzak proban jarriko ditu jokoen bidez, elikagaiak eta sukalde-trenak identifikatzeko edota saioan gehien erabiltzen diren hitzak zeintzuk diren gogoratzeko gai diren jakiteko.

"A Bocados" saioko Instagram kontuan ere lanean arituko dira, eta Anderrek eta Gabik euren elikadura aholkuak partekatu, unerik onenak berriro gogoratu eta saioan erabiltzen diren sukaldaritza tresnak zozkatuko dituzte bertan.

"A Bocados" saioa astelehenetik aurrera izango da ikusgai, 20:15etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.