telebista
22:30ean
EITB Maratoiaren aldeko "Juego de Cartas" saio berezia, gaur gauean
EITB
Javi Sierrak gidatutako saioak A Pedir de Boca, Gaztelu, Lavie eta Tatapas jatetxeak ezagutuko ditu.
-
"Juego de Cartas" saioa. EITBren bideo batetik hartutako irudiak.
Gaur gauean, bere alderik solidarioena erakutsiko du "Juego de Cartas" saioak, eta EITB Maratoiarekin bat egingo du. Aurtengo edizioak COVID-19aren aurkako borrokan sortu diren ekimenak babestea du xede, "Denok gara kausa" lelopean. Horretarako, sektore horrek bizi duen egoera gogorra islatuko duten Gipuzkoako lau jatetxek hartuko dute parte. Oraingo honetan, ostera, partaideek lehen postua lortzearen sentimenduaz gozatzeko lehiatuko dute, diru-saria, bere osotasunean, EITB Maratoira bideratuko baita.
Sara Fontan izango da lehenengo lehiakidea. Bere amarekin batera Irungo A Pedir de Boca jatetxearen jabea da, eta egoera honen aurrean bere negozioa goitik behera aldatu eta etxera eramateko zerbitzua jarri behar izan du. Bere autoan eramaten ditu mandatuak dagozkien lekura.
Eguraldi txarrari aurpegi ona jartzeaz asko daki Haritz Ertzibengoak, Errenteriako Gaztelu Ostatuaren jabeak. Garai zailak izaten ari direla onartzen du, bai beretzat eta baita gainerako langileentzat ere, baina borrokan jarraitzeko beharrean egiten du azpimarra, birusak irabaz ez dezan.
Javi Mendok, Lasarteko Lavie jatetxeko jabeetako batek ere ez du dudarik egin, eta take away zerbitzua eskaintzen hasi zen berehala. Pandemia aurretik eramateko janaria erostean gehiegi sinesten ez bazuen ere, orain hori gabe ezingo lukeela aurrera egin onartzen du.
Adur Arrietarentzat ere oso onuragarria izan da zerbitzu hori. Hondarribiko Tatapas jatetxeko jabeetako bat da, eta hainbat gastronomietako platerak dasta daitezke bertan. Etorkizunari begira itxaropentsu sentitzen da, nahiz eta onartzen duen ezin dela adi egoteari utzi.
Beste urte batez, "Juego de Cartas" saioak EITB Maratoiarekin bat egingo du, oraingo honetan guztioi eragiten digun kausa baten aurka aritzeko. Aldi berean, babes eta itxaropen mezu bat helarazi nahi dio ostalaritzaren sektoreari, une gogorrak bizi baititu.
"Juego de Cartas" saioa astelehenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.