telebista
AUDIENTZIAK
"El Conquistador"eko finalaren marka historikoa
EITB MEDIA
Nahia Valenciak, emakume finalista bakarrak, irabazi duen abentura realityaren final historikoak % 38,1eko audientzia-zatia lortu du. ETB2 eguneko kanalik ikusiena izan da Euskadin % 19,4ko kuotarekin, azken hamarkadako audientziarik onena.
-
Nahia Valencia, "El Conquistador del Caribe" 17. edizioko garailea. Argazkia: EITB Media
Nahia Valencia izan da "El Conquistador del Caribe" saioaren hamazazpigarren edizioko garailea. Aurtengo emakume finalista bakarra nagusitu da saioaren historiako finalik gogorrenean. Julian Iantzik aurkeztutako final handiak markak hautsi ditu: % 38,1eko audientzia-zatia eskuratu du, saioaren hamazazpi urteetako daturik onena. Gainera, 374.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan du Euskadin eta eragin eremuan.
Edizio guztietako finalik teknikoena eta zorrotzena izan da eta bost finalistek, Aitorrek, Binbik, Bekok, Yancik eta Nahiak, euren trebetasunak erakutsi behar izan dituzte esparru oso ezberdinetan: banbuzko txalupa bat eraiki, igerian egin, sare bat igo, urpean igeri egin eta 150 metroko tirolina bat gurutzatu behar izan dute.
Bost lehiakideak helikopteroan iritsi dira EITBren Miramongo egoitzara, finalaren atariko saio berezian. Emanaldi honek ere audientzia datu bikainak eskuratu ditu: % 14,7ko audientzia-zatia eta 156.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.
Halaber, ETB2 eguneko kanalik ikusiena izan da Euskadin eta % 19,4ko audientzia-zatia bereganatu du, azken hamahiru urteetako daturik onena.
"El Conquistador del Caribe" abentura realitya fenomeno soziala bihurtu da Euskadin eta hamazazpigarren denboraldia inoizko daturik onenak lortu dituen edizioa bilakatu da. Hogeita sei astez jarraian lider izan da ordutegi nagusian eta, bataz beste, % 26,3ko audientzia-zatia eta 334.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu ditu.
#conquisfinal joera Twitterren
Sare sozialei dagokienez, #conquisfinal traola joera izan da Twitterren eta Estatu mailako rankingean lehen postua eskuratu du 15 500 txiorekin. Jarraitzaileek final handian gertatutako guztia sare sozialean komentatua zuten, eta lehiakide finalisten izenek ere jarraipen handia izan zuten Twitterren.
Halaber, El Conquistador del Caribe" saioaren webguneak 43.500 erabiltzaile bakar eta 119.800 orrialde ikusi izan ditu, eta 25.740 lagunek jarraitu dute finalaren emanaldia streaming bidez.
Nahia Valencia, "El Conquis"eko laugarren emakume irabazlea
Merezita eraman du saria Nahiak, abenturaren azken txanpa ikusgarria eginda eta lau duelu gaindituta. Aita hilda du irabazleak, eta hari eskaini dio garaipena. Izan ere, dioenez, hark bidaltzen dizkio borrokan egiteko indarrak. Ikurrina eskuetan zuela, gainera, emakumeen aldeko aldarria egin du. Emakumeak gizonak besteko indartsuak ala indartsuagoak izan daitezkeela erakustea espero du bere garaipenarekin eta bere alabarentzat ikasbidea izatea nagusiagoa denean.
Garaipen honekin, halaber, Nahiak bere ametsa bete du. Gainera, historia egin du saioan: ikurrina irabazi duen laugarren emakumea izan da, bere aurretik Zurri (2007), Erku (2016) eta Eider (2018) irabazleek lortu dute bakarrik.
Mikelen eskuetatik hartu du Nahiak irabazlearen ikurrina, eta Julianek 20.000 euroko txekea eman dio sari gisa. Atabey taldeko emakumeei eta familiari eskaintzeaz gain, garaipenaren eskaintza berezia egin dio Lourdes Zuriarraini, duela gutxi zendu zen "El Conquistador"eko lehen emakume irabazleari.
Proba finala
Proba hasi baino ordu batzuk lehenago, finalistek baltsa bana eraiki behar izan dute banbu enborrak erabiliz. Horiek izan dira gero, finalean erabiliko zituzten ontziak. Aitorrek eta Binbik esan dute horretan trebeak direla eta ontziak egiteaz zerbait bazekitela, baina egin dituzten ontziak ez dira onenak izan. Batek ere ez du proba erraza izan; Muskizekoak asko sufritu du ontzia desegiten ari zitzaiolako, eta "Clik eta Pan" esaldiaren erregeak lehiatzea ez den edozer egin du: zorabiatu egin da, botaka egin du eta negar ere egin du familiako kideei eta lagunei huts egin diela pentsatzean.
Yanci eta Beko ere ez dira nabarmendu. Zurriolako soroslea ez da fidatu gidatzerako orduan izan duen irizpidearekin eta Nahiaren atzetik joan da, baina ez zekien ibilbide ezberdinak zituztela biek; ondorioz, ez du bere hirugarren banderatxoa aurkitu. Goizuetako suhiltzaileak, aldiz, iparrorratza galdu du proba hasi eta gutxira eta, gainerako lehiakideei begiratuta bidea aurkitzen saiatu den arren, oso berandu iritsi da hirugarren banderatxora.
Publikoaren faboritoa
Abentura oraindik ez da amaitu. Datorren asteazkenean, publikoaren faboritoaren gala izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en. Julian Iantzik aurkeztutako saioan, Maialenek, Begoñak, Berakok, Aitorrek, Leirek, Herrantxik eta Arrutik publikoaren faboritoaren saria izango dute lehian. Horrez gain, lau finalistak eta Nahia irabazlea izango dituzte platoan gonbidatu.
Datorren ediziorako castingak
"El Conquistador del Fin del Mundo"ren 18. edizioa prestatzen ari dira dagoeneko, eta garrantzitsuena falta da, lehiakideak. Urtero bezala, aurrez aurreko eta online casting bidez parte hartzeko aukera izango dute lehiakidegaiek. Aurrez aurreko castingak uztailaren 12a eta 23a bitartean izango dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Koronabirusaren krisia dela-eta hartu beharreko segurtasun neurriak bermatze aldera, aurrez aurreko castingetan parte hartu ahal izateko aurretiaz hitzordua eskatu beharko da. Horretarako, mezu elektroniko bat bidali beharko da elconquis@eitb.eus helbidera. Bertan, honako hauek azaldu behar dira: izen-abizenak, adina (18 urtetik gora), herria eta telefono zenbakia. Saioa lehiakidegaiekin harremanetan jarriko da castingaren data, tokia eta ordua zehazteko.
Gainera, aurreko urteetan bezala, saioko lehiakide izan nahi duten lagunek online castinga egin dezakete, "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren webgunetik bideoa bidalita. Uztailaren 23a arte egongo da bideo-castinga bidaltzeko aukera.