Itxi

2021/10/27

01:00

telebista

Asteazkenetan

"El Cambio" larrialdi klimatikoari buruzko saioaren estreinaldia, Àngels Barcelórekin, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB Media

'#EKIN_klima' kanpainaren baitan, Euskal Telebistak larrialdi klimatikoaren inguruko "El Cambio" dokumental saila estreinatuko du gaur. Àngels Barceló kazetaria adituez inguratuko da etorkizunean Euskadin biziko ditugun larrialdi klimatikoaren ondorioak aztertzeko.

  • Àngels Barceló "EL Cambio" saioaren aurkezlea

    Àngels Barceló "EL Cambio" saioaren aurkezlea. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Udazken honetan, EITBk larrialdi klimatikoaren gaiarekin bat egingo du, azaroaren 1etik 12ra egingo den Glasgowko goi bileraren karietara. Hala, ikus-entzunezko taldeak martxan jarri duen #EKIN_klima komunikazio kanpainaren baitan, Euskal Telebistak saio berria estreinatuko du gaur: "El Cambio", larrialdi klimatikoak Euskadin izan ditzakeen ondorioak aztertuko dituen dokumental saila.

Àngels Barceló aurkezleak etorkizunean biziko ditugun aldaketak aztertuko ditu, oinarrizko galdera bati erantzuna emateko asmoarekin: zein eragin izango du larrialdi klimatikoak Euskadin? Kazetariak aditu ezberdinen laguntzarekin azalduko ditu etorkizuneko erronkak eta hausnarketa sakona egitera gonbidatuko gaitu; izan ere, "aldaketak guztiongan du eragina".

Sei atalez osatutako dokumental saila izango da eta atal bakoitzean gai ezberdin bat landuko dute: itsasoa, lurra, 2050eko eguraldia, Euskadin bertan sortutako elikagaiak, bizimodu jasangarria eta energia. Esparru ezberdinetan izango diren aldaketak ulertzeko datuak emango dituzte eta etorkizunean gerta daitekeena irudien bidez birsortuko dute.

Saio bakoitzean, dagokion alorreko aditu eta profesionalek parte hartuko dute, euren jarduera eta ikerketen inguruko datuak azalduz. Halaber, Àngels Barceló kazetariak espezialisten bilera egingo du astero, saioan landuko den informazioa aztertu eta haien iritziak jasotzeko.

"El Cambio" Grupo Proyección eta Secuoya Studios ekoiztetxeek ETBrentzat egindako lana da eta asteazkenero izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Lehen atala, Itsasoaren etorkizuna

Lehenengo atalean, itsasoaren etorkizunaz hitz egingo dute eta larrialdi klimatikoak Kantauri itsasoan dituen efektuak aztertuko dituzte. Gure itsasoaren tenperaturaren igoerak bertan bizi diren espezieei eragin diezaieke? Ildo honi jarraituz, gure gastronomiaren parte diren itsasoko hainbat produktuetan larrialdi klimatikoaren ondorioak somatuko ditugu?

Horrez gain, gure kostaldeko itsasertzaren higadura hartuko dute hizpide. Geroz eta ohikoak diren ekaitz eta denborale bortitzek gure kostaldeko hondartzetan eragina izan dezakete, baita gure lurraldeko toki turistikoenetan ere. Horien artean, Gaztelugatxeko Doniene oso kaltetua gerta daiteke olatuen indarrarengatik. Gainera, tenperaturaren aldaketak turismoan ere eragin zuzena izan dezake.

Àngels Barceló kazetaria

Àngels Barceló kazetaria

Lehen atal honetan Àngels Barcelók bilerara deituko dituen adituak izango dira: Ignacio de la Puerta, arkitekto urbanistiko eta Hiri Agendan aditua; Iñigo Losada, errepide-ingeniari eta ingurumen hidraulikan aditua; María José Sanz, biologo eta BC3ko zuzendaria; Julen Rekondo, kimikari eta ingurumen aditua; Margarita Martín, meteorologo eta klima aditua, eta Stefani Novoa, ingurumen aditua.

"El Cambio" saioaren ondoren, "Natura Bizia" ETB2n

"El Cambio" saioaren emanaldiaren ondoren, ETB2k "Natura Bizia" euskal biodibertsitatea ardatz duen zortzi ataleko dokumental saila eskainiko du, 23:30ean. Lexeia Larrañagak sortu eta zuzendutako ikus-entzunezko proiektua da, Alberto Iñurrategik aurkeztuta, eta gure ondare naturaleko txoko eta izaki harrigarrienetako batzuk erakutsiko ditu. Euskadiko eta Nafarroako eremu geografikoetan lanean diharduten espezialista onenen laguntza izango du Iñurrategik horretarako.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;