Itxi

Euskadi pregunta

Elkarrizketa ETB-n

Patxi Lopez: 'EH Bildurekin ez dut itunik egingo'

I.H./ E.A.

Bilbo

Patxi Lopezek uste du independentzia ''Euskadiren inoizko negoziorik txarrena'' litzatekela. Krisia, zaborren kudeaketa, autodeterminazioa eta Iñigo Cabacasen kasua izan dituzte galderek hizpide.

12:50
'Euskadi Pregunta': Patxi Lopezen elkarrizketaren laburpena

''PPrekin itunik egongo ez zela esan nuela aitortzen dut, eta akatsa izan zen. Akatsa onartzen dut. Baina ez dut EH Bildurekin itunik egingo. Ideia horri eusten diot'', esan du Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak ETBko ''Euskadi Pregunta a'' saioan.

30 hiritarrek egindako galderei erantzunez, Lopezek Alderdi Popularrari egotzi dio 2009an sinatutako gobernu itunaren hausturaren ardura. Lehendakarigai sozialistaren aburuz, PPk "Rajoyren murrizketak defendatzea nahiago izan du autogobernua defendatzea baino"."PPk ituna hautsi egin du Rajoy defendatzea nahiago izan duelako,euskal gizartea defendatu ordez", leporatu dio Lopezek Basagoitiri.

Hala ere, bi alderdien arteko itunaren onurak aldarrikatu ditu ordea lehendakarigaiak, "terrorismoaren drama" amaitzen lagundu duelako,"normaltasuna" itzuli delako euskal gizartera eta "herri honetan EAJk bakarrik agindu zezakenaren mitoarekin amaitu delako".

Euskadiko Alderdi Sozialistaren lehendakarigaiak ez du uste hurrengo hauteskunde autonomikoak galduko dituztenik, sinistuta baitago gizarteak azken hiru urte eta erdi hauetan berak buruturiko Jaurlaritzak egindako lanari babesa emango diola.  "Gizarteak gobernu sozialistaren lau urteon balioa agerian jarriko du", esan du Lopezek . Bere esanetan, alderdi sozialistak ez du emaitza txarrik izango.

Independentzia eta autogobernua

Lopezek berriro ere honako hau adierazi du: ‘'Independentzia historiako negoziorik txarrena da" Euskadirentzat, "herrialdea hautsi eta euskal herritar batzuei besteekin aurrez aurre jartzen digulako". Halaber, ekonomian kalte larriak eragingo lituzkeela nabarmendu du, bai pentsioen sisteman, baita Estatuak aurre egin behar dion zor publikoa onartzean ere.

"Neuri politika egitera bultzatzen didana euskal herritarrak era ezberdinean sentitzen garenon bizikidetza da", azaldu du, bere alderdia autogobernuaren alde dagoela nabarmendu ostean. Horren haritik, gainerako alderdiak "argitasuna" eskatu die hauteskunde eguna baino lehen.

ETAren amaiera

"Gizartea, politika eta biktimen duintasuna izan dira ETArekin amaitu dutenak", esan du lehendakarigaiak ETAren amaierari buruz. "Ez dut esango eurek direla bakea lortu dutenak, eurek izan direlako indarkeria onartu dutenak", adierazi du. "Gizartea izan da askatasuna lortu duena. Bakea eta askatasuna babesten genuenon garaipena izan da", nabarmendu du Patxi Lopezek.

Lehendakarigaiaren ustez, garrantzitsua izan da memoria historikoa, baina "pasatu berri denaren" memoria ere babestu du. "Memoriak atzera ez itzultzeko harresia izan behar du", esan du.

Murrizketak eta lana

Lehendakarigaiak azaldu duenez, "momentuz" Eusko Jaurlaritzak Osasun arloan koordainketa galarazi du. "Ni lehendakari naizen bitartean koordainketa ez da Euskadin aplikatuko, eta inor ez da osasun sistematik kanporatuko", iragarri du.

PSE-EEko hautagaiaren ustez, Hezkuntza eta Osasuna ez dira gastuak, "inbertsioak baizik", "ezjakintasuna eta gaixotasuna herrialdearentzako oztopoa direlako". Lopezen ustez, lan-erreformak kaleratzea merkatu du. "Enpresariek eskubideak murrizteko eta langilek kaleratzeko erabiltzen dute erreforma", adierazi du. Lehendakarigaiaren helburua haztea da.

Laguntzak bankuei

Patxi Lopez oso kritikoa izan da bankuei emandako laguntza publikoekin, eta laguntzak jaso dituzten bankuei baldintzak jartzeko nahia azaldu du. Besteak beste, diru publikoa jaso duten erakundeek etxetik botatzeko debekua izatea proposatu du, eta horien kudeatzaileek milioi askoko soldatak ez izatearen alde egin du.

"Aurrezki-kutxen kudeatzaileen artean politikoak izateak gardentasuna eta kontrola bermatzen du", esan du aurrezki-kutxen kudeaketaren harira. "Krisi hau eragin duten erakundeek ez zuten kontrol politikorik", gogoratu du. "Kutxaren espiritua izaten jarraitzea nahi dugu, eta ez dadila negozioa bakarrik izan", azpimarratu du aurrezki-kutxen lanaren inguruan.

Fiskalitate justuagoa

Patxi Lopezen ustez, erreforma fiskal sakona egin behar da, eta, horretarako, Legebiltzarra izatea erabakitzeko gai dena proposatu du. "Fiskalitate justuago bat izan beharko genuke, orekatuagoa". 210.000 irabazten dituen pertsonari PFEZa igotzeko asmoa iragarri du, eta ondasun handia dutenentzat zerga berezia proposatu du, lortutako diru-kopurua lanpostuak sortzera zuzenduz.

Klase politikoa

Patxi Lopezek politikoei pribilegioak albo batera uztearen alde egin du, baina horien lanaren muina babestu du. "Ez nago geu lapiko bat izateko prest". "Teknokratek politikoak ordezkatzeak beldurtu egiten nau", azaldu du. "Politiko txarrak dauden kudeatzaile oso onak daude. Politikak atzean norentzat galdera izan behar du, kudeaketa politikarekin nahastu behar ez delako", nabarmendu du. "Geu oposiziora lau urtean behin aurkezten gara, eta ez dugu plaza finkoa ateratzen", gaineratu du.

Cabacas auzia

"Cabacasen heriotza konpondu ezinezko gertaera da, eta ezerk ezin du familiaren eta lagunen mina osatu", esan du PSE-EEko hautagaiak, eta Aresen jokaera uneoro babestu du. "Ares familiari deitzen lehenengotarikoa izan zen, baita ikerketa bat martxan jartzen ere eta espedienteak ireki ziren", azaldu du, Barne sailburu ohia "istiluen aurkako materialaren aldaketa azkartuz" joan dela nabarmendu ostean.

Laguntza sozialak

Gizarte laguntzen kontrolean bere Gobernuak egindako lana defendatu du Patxi Lopezek. ''Adinekoenak ez diren txosten guztiak berrikusi ditugu, iruzurrik egon ez dadin. Hainbat arazo eragin dizkigu, baina sistema garbitu dugu'', esan du lehendakariak.

Zaborren bilketa eta ingurumena

Aldi berean, gogor hitz egin du zaborra kudeatzeko atez ateko sistemaren kontra. Bere ustez, ez du Bildu buru duen Aldundiak defendatzen dituen onurak ekarriko eta, aitzitik, kalteak eragingo ditu bai ingurugiroan baita Gipuzkoako aurrekontuetan ere.

Fracking sistema erabiliz Araban gasa ateratzeko aukeraren inguruan, PSE-EEko lehendakariak esan du ez dutela gasik aterako, ''ingurumenari kalterik egingo ez diola erabat ziur egon arte''.