Itxi

Eskerrik asko Petrov!

7. atala

M.A. Blancoren eta Lasa-Zabalaren hilketak, 'Eskerrik asko Petrov'en

1995-1997 tartea aztertuko ditugu gaur, 22:15ean, ETB-1en, 'Eskerrik asko, Petrov' saioan. ETB-2n, berriz, ostegunean, hilak 14, izango dugu ikusgai 'Gracias, Petrov', 22:30ean.

0:31
Mugikorren erabileraren zabalkuntza, 'Eskerrik asko, Petrov'en

Miguel Angel Blanco eta Gregorio Ordóñez PPko zinegotzien hilketek eta Lasaren eta Zabalaren gorpuzkiak agertu izanak euskal gizartea asaldatu zuten 90eko hamarkadaren erdi aldera. 'Eskerrik asko, Petrov' saioaren zazpigarren atalean oroituko ditugu gertakari haiek, baita sakelako telefoniaren gorakada, Dolly ardi klonatuaren jaiotza eta 'La Noche de...' ETB-2ko saioa ere. Gainera, Gorka Otxoa Buesa Arenan izango da Karra Elejalde aktorearekin, eta 1996an Taugres taldea Eurokopako garaile izan zela gogoratuko dute. Gaur, 21:30ean, ETB-1en izango dugu ikusgai 'Eskerrik asko, Petrov' saioa. Datorren ostegunean, hilak 14, berriz, ETB-2n ikusiko dugu 'Gracias, Petrov'.

90eko hamarkadaren erdi aldera, ETAk zinegotzi popularren eta sozialisten aurkako atentatu-sorta luze bati ekin zion. Lehena 1995ean izan zen, Gregorio Ordoñez PPko zinegotzi donostiarra hil zutenean. María San Gil haren alderdikidea atentatuaren lekukoa izan zen, eta berarekin batera ekarriko dugu gogora orduan gertatutakoa. Bi urte geroago, Miguel Ángel Blanco Ermuko zinegotzia bahitu eta hil izana nolabaiteko mugarria izan zen ETAren aurkako mobilizazioei dagokienez.

Mobilizazio gehiago ere etorri zen Fernando Mugica buruzagi sozialistaren hilketa, eta Jose María Aldaiaren eta José Antonio Ortega Lararen bahiketak gertatu zirenean. Gainera, José María Aznar bizirik irten zen haren aurka egindako atentatutik.

1995. urtean, GALen krimen lazgarrienetako bat argitu zen. Alacanten agertutako gorpuzkinak Joxan Lasa eta Joxi Zabala hamar urte lehenago bahitu, torturatu eta eraildako ETAko kideenak zirela argitu ahal izan zen. Pako Etxeberria auzitegi-medikuak hilotzak nola identifikatu zituen kontatuko digu, eta horiek herriratzerakoan eta lurperatzerakoan izandako istiluak ere gogoratuko ditugu.

Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdi aldera, sakelako telefonoen erabilera asko zabaldu zen. Gainera, aurrerabide zientifikoak izan ziren garai hartan elikagai transgenikoak, eta lehen ugaztun klonatuaren jaiotza, Dolly ardiarena, alegia. Behiek ere izan zuten leku nabarmena, 'behi eroen gaitza' gizakiei kutsatu zitzaienean.

Tragedia ugari izan zen urte haietan. Biescaseko kanpinean izandako uholdeak eta Huarte Arakilen bidetik atera zen tren batek, esaterako, heriotza ugari eragin zituzten. Gasteiz aitzindari izaten ari zen hainbat arlotan, Estatuko izatezko bikoteen lehen erregistroa sortu baitzuten bertan, eta, gainera, hiritar-zentro sare zabala eta ingurumenean oinarritutako hirigintza-politika garatu baitzituzten. José Ángel Cuerda alkate ohiak, Karra Elejalde aktoreak eta Karmele Jaio idazleak garai hartako aurrerapausoak gogoratuko dituzte.

Gainera, kirol mailako garaipen handia izan zen Arabako hiriburuan urte haietan: Taugresek Europako saskibaloi kopa irabazi zuen. Karra Elejalde, egungo Caja Laboral Baskonia taldearen jarraitzaile sutsua izanik, Buesa Arena pabilioian izango da Gorka Otxoarekin batera, eta 1996ko une haiek ekarriko dituzte berriz gogora.

Gaur, 22:15ean, ETB-1en izango dugu ikusgai 'Eskerrik asko, Petrov' saioaren zazpigarren atala. Datorren ostegunean, hilak 14, berriz, ETB-2n emango dugu 'Gracias, Petrov'.