Itxi

Eskerrik asko Petrov!

10. atala

Epaiketa polemikoak eta sare sozialak, 'Eskerrik asko Petrov!'en

2005-2008 urteen errepasoa egingo dute 10. atalean. Gaur emango da saioa ETB-1en 15:10ean hasita.

'Eskerrik asko, Petrov!' saioaren 10. atalean epaiketa polemikoak eta sare sozialek izandako zabalkundea eta arrakasta izango dituzte hizpide, besteak beste. 2005 eta 2008 arteko kontuak ekarriko dituzte atal honetan. Gaur 15:10etan hasita ikusi ahal izango da saioa ETB-1en.

Inork ez zuen espero Facebook eta Twitter sare sozialak sortu zituztenean, 2006an, hain komunikazio tresna garrantzitsuak izatera helduko zirenik. Youtubek ere indar handia hartu zuen.

Garai horretan, gizartean eragin handia izan zuten legeak onartu zituzten: Memoria Historikoaren Legea, Dependentziaren Legea, Ezkontza Homosexualena, Tabakoaren aurkako Legea, puntukako gidabaimena...

2006. urtean, ETAren azken-aurreko su-etenak itxaropena sortu zuen, eta ondoren T-4 terminalean egindako atentatuak frustrazioa eragin zuen berriz ere. Atentatuaren ostean, ETAk Isaias Carrasco zinegotzi sozialista eta Inaxio Uria enpresaria hil zituen.

Garai horretan, Ibarretxe lehendakaria, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares sozialistak, eta Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidentea, Kontxi Bilbao eta Gorka Knörr legebiltzarkideak auzitegietatik igaro ziren; Batasuneko ordezkariekin batzartzeagatik, lehenengoak, eta Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik, bigarrenak. Urte horietan, 47 pertsona zigortu zituzten 18/98 makroprozesuan, baina gerora absolbitu egin zituzten.

Kulturan, Lucia Lacarra dantzari zumaiarra, Ramon Agirre eta Elena Irureta Aupa Etxebeste film arrakastatsuaren protagonistak, eta Mikel Laboa abeslaria nabarmendu ziren. EiTBk modernizazio eta digitalizazio prozesua egin zuen 2007an, eta egoitza nagusia Bilbora lekualdatu zuen. 2008an, EiTBren aurkako atentatua izan zen.

Kirol alorrean, Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo sasoiko pilotari onenetarikoak ziren, eta bien arteko neurketak ikusgarriak izan ziren. Gainera, Gorka Otxoa Edurne Pasaban alpinistarekin egongo da 14 zortzimilakoez eta Iñaki Ochoa de Olzaren heriotzaz hitz egiteko.