Go!azen
ETB1
Ingurumenaz ohartarazi nahi gaitu 'Go!azen'ek 'Mugimenduan tinko' bideokliparekin
EiTB
Telesailaren laugarren denboraldia datorren astelehenean, ekainaren 18an, hasiko dira grabatzen.
EiTBren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez, 'Go!azen'ek bideoklip berria grabatu du ostiral honetan Lekeition. 'Euskararen txantxangorria', 'Bihotzetik ezpainetara' eta 'Denok zu' bideoklipen arrakastaren ildotik, Iker Laurobaren 'Mugimenduan tinko' abestia bilakatu dute bideoklip. Bideoklipa, hain zuzen ere, telesailaren laugarren denboraldiaren grabazioaren atariko izan da, datorren astelehenean, ekainaren 18an, hasiko baitira grabatzen atal berriak.
Ekitaldian, Nerea Zendoia EiTBko haur edukien koordinatzailea, Jabi Elortegi 'Go!azen'eko zuzendaria eta Unai Gangoiti Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria egon dira. Bertan aritu dira, orobat, 'Go!azen'eko aktore gazteak: Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Aritz Mendiola, Asier Burguete, Oihan Moreno, Nerea Mazo, Beñat Iturbe, Iholdi Beristain, Maria Redondo eta Iker Villa. Aurkezpenean izan dira, bestalde, 'Go!azen'en babesleen artean dagoen Laboral Kutxako bi ordezkari: Dorleta Elkorobarrutia eta Egoitz Bergara, Gazteentzako zerbitzuen arduradunak.
Iker Laurobaren musika eta hitza izango du oraingoan ere 'Go!azen'en bideoklipak. Ingurumena zaindu eta babesteko deia egiten du 'Mugimenduan tinko' abestiak. 'Go!azen'ek Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean sortu du bideoklipa gaztetxoei ingurumena zaintzearen garrantzia helarazteko.
Beste behin, Bizkaiko Foru Aldundiak 'Go!azen'en familiaren kide izan nahi du. Oraingo honetan, ingurumenarekin zerikusia duten gaietan jarri du azpimarra. Hain zuzen ere, birziklatzearen garrantziaz ohartarazi nahi ditu, foru aldundiak ingurumenaren garrantziaz jabetzeko zabaltzen duen mezuaren jomugan baitaude telesailaren ikusleak.
Maria Redondo, Iker Villa, Aitor Paterson eta Itziar Urretabizkaia, aktore berriak
Ekainaren 18an hasiko dira grabatzen 'Go!azen' telesailaren denboraldi berria. Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk ekoiztutako telesailak Basakabi udalekuan euskal neska eta mutil talde baten ibilerak ardatz izaten jarraitzen du. Umorea, maitasuna eta musika tartekatuko ditu telesailak hamahiru ataletan. Pertsonai eta kontu berriekin, ez da ezusterik faltako telesail arrakastatsuan.
Aurreko denboraldian aritutako Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Aritz Mendiola, Asier Burguete, Oihan Moreno, Nerea Mazo, Beñat Iturbe eta Iholdi Beristainekin batera, Maria Redondo 'Bago!az'eko irabazlea, Iker Villa eta Aitor Paterson izango dira gaztetxoen lan-taldean. Ramon Agirre, Karmele Larrinaga, Inma Fernandez eta Asier Oruesagastirekin batera, berriz, Itziar Urretabizkaia arituko da aktore helduen taldean.
Hainbat garaitako euskal abesti ezagun asko entzun ahal izango dira telesailean berriro ere: Negu Gorriak, Berri Txarrak, Sugan, Kortatu, Hertzainak, Ken 7, Izaro, Skakeitan, Ze Esatek!, Hesian, Delirium Tremens, Gatibu eta Katamalo, esate baterako.
Guztira 45 grabaketa egun izango dira. Donostian, Oiartzunen eta Azpeitian egingo dituzte, guztiak dekoratu naturaletan. Hortik aterako dira udazkenean ikusgai izango ditugun 13 atal berriak.
'Go!azen' proiektua Eusko Jaurlaritza, Euskaltel, Laboral Kutxa eta Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundien babesarekin egiten dute posible EiTBk eta Pausokak. Telesaileko estreinaldia ez ezik, 'Go!azen' proiektu transmedia honek sarean izango du segida orain arte bezala APParen bidez, eta hainbat emanaldi eta aurrestreinaldi ekarriko ditu datorren ikasturteak.