Go!azen
Abentura berriak
Gaur gauean estreinatuko dugu 'Go!azen'en denboraldi berria ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Go!azen APPa ere martxan dago jada, eta eduki bereziak eta "goatsapp"eko eguneroko elkarrizketak eskaintzen ditu.
Azaroaren 16an hasiko da gazteen artean hainbesteko arrakasta duen 'Go!azen' telesailaren denboraldi berria ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etan. Go!azen APPa, berriz, martxan dago jada, eta eduki berriak eskaintzen ditu egunero.
Aurten ere, hainbat pantailatan jarraitu ahal izango dira Basakabi udalekuan gertatzen diren abenturak. Telebistan eta Interneten ostiralero atal bat emateaz gainera, martxan dago Go!azen EiTB mugikorretarako aplikazioa; pertsonaiek egunero "goatsapp" taldean dituzten elkarrizketak jarraitu ahal izateko, Altxor Ezkutua ikusi ahal izateko, bideo berezi eta esklusiboak jasotzeko eta abar. iOS eta Android sistemetako gailuetan instala daiteke.
Denboraldi berri honetan, Xabi Solano (Esne Beltza) abeslari eta konpositoreak parte-hartze berezia izan du Pausoka etxearen ekoizpenean, berak egindakoa baita gazteek abestu eta dantzatuko duten "Basakabiko atarian" kanta.
Aktoreei dagokienez, Ramon Agirre (Zuzen), Miren Arrieta (Ane), Iholdi Beristain (Naia), Asier Burguete (Markel), Inma Fernandez (Desi), Beñat Iturbe (Julen), Ainhoa Larrañaga (Eli), Karmele Larrinaga (Bego), Nerea Mazo (Nikole), Aritz Mendiola (Gari), Oihan Moreno (Jontxu) eta Asier Oruesagasti (Martin) arituko dira bertan edizio honetan ere, eta 'Bago!az' saioko irabazlea izan zen Maria Redondo (Zuri), Iker Villa (Ander), Aitor Patterson (Alex) eta Itziar Urretabizkaia (Amaia) arituko dira aurten haiekin batera.
Guztira, 13 atal izango dira, eta Berri Txarrak, Ruper Ordorika, Izaro, Gatibu, Negu Gorriak, Kortatu, Delirium Tremens, Katamalo, Ken 7, Huntza, Skakeitan eta Nogen talde eta bakarlarien kantuen moldaketak entzun ahalko dira bertan.
Telesaila fenomeno bihurtu da Euskal Herriko gaztetxoen artean, eta horren arrakasta handiaren lekuko dira telebista eta weba, APPa eta sareak, antzezlana eta ikuskizunak, diskoak eta produktuak…